Euriak bustitako aratusteak
Eguraldiari aurpegi ona jarri eta inauteri martitzena goi-goitik ospatzeko aukera ez dute galdu nahi izan Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko bizilagunek; taberna eta saltokiak ere jantzi dituzte abagunerako.Eguraldiak baldintzatutako aratuste marti...
Eguraldiari aurpegi ona jarri eta inauteri martitzena goi-goitik ospatzeko aukera ez dute galdu nahi izan Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko bizilagunek; taberna eta saltokiak ere jantzi dituzte abagunerako.
Eguraldiak baldintzatutako aratuste martitzena izan zen atzokoa. Ikastetxeetako kalejirak bertan behera utzi zituzten atzo goizean, eta ikasle, irakasle eta gurasoek eskola barruetan egin zituzten ospakizunak.Bermeon, esaterako, aratusteetako egunik garrantzitsuena izaten dute. Besteren artean, utero legez, tabernen mozorro txapelketa egin zuten atzo. Aurtengoa txapelketaren hamaseigarren aldia izan da, eta bost taberna aurkeztu ziren lehiaketara: Irish, Zubi-Gane, Gure-Toki, Kafe Loidxie eta Sarabanda.
Zubi Gane tabernak hartu du lehen saria, Asterix eta Obelix gaia landuta. Tarratadiek emandako txapela, Itsuki irratiak emandako 40 iragarkiko publizitate paketea eta hiru eguneko lagun birentzako egonaldi berezia jaso ditu saritzat.
Garoña ez gaiaz mozorrotutako Kafe Loidxie tabernarentzat izan da bigarren saria, eta hiru eguneko lagun birentzako egonaldia jaso du. Herri kiroletan girotutako Irish tabernak hartu du, berriz, hirugarrena, eta bi eguneko lagun birentzako egonaldia jaso du saritzat, hain zuzen ere.
Aratuste sasoian ohikoak izaten dira, baita, tostada lehiaketak. Bermeon, Haitz Nagusijek antolatuta, 23 tostada plater aurkeztu zituzten domekako lehiaketara; ogizko tostadak hamabost izan ziren eta aiezkoak, berriz, zortzi.
Aiezko tostadarik onenak Zubi Gane tabernarenak izan ziren. Miren Fernandez eta Edurne Meñakak egindakoek jaso zituzten bigarren eta hirugarren sariak, hurrenez hurren. Ogiz egindako tostadarik gozoenak, berriz, Espe Ipiñarenak zirela ebatzi zuen epaimahaiak. Bigarren saria hartu zuen Maitena Rociok, eta hirugarrena, berriz, Espe Donienek. Aurkezpen onenarentzako saria Mikel Monterrosok jaso zuen.
Gernika-Lumon, Mundakan eta Foruan ere ondo pasatzeko aukera ezberdinak eduki zituzten atzo.
Emanaldi bereziak
Azken momentura arte aterrune baten zain egon baziren ere, frontoien babesa bilatu behar izan zuten lekeitiarrek, inauteriak ospatzeko. Eskola Publikoko ikas komunitateak ikastetxeko frontoian egin zuen jaia. Mailaz maila, argazkiak atera zituzten lehendabizi, eta ondoren musika eta dantza eduki zituzten ondo pasatzeko.
Ikastolatik herriko frontoirako bidea zuzenean egin zuten, bestalde, R.M. Azkue Ikastolakoek; eta urtero modura emanaldi berezia eskaini zuten bertan. Munduko musikak izan zituzten gai, eta Euskal Herritik hasita, mundu osoko doinuak kantatu eta dantzatu zituzten txiki, gazte eta helduek, taldeka.
Bestelako eran ospatu behar izan zuten eguna Ondarroako ikasleek ere. Azken egunotan prestatuko koreografia landuak ikastetxe bakoitzeko jolastokian egindako jaialdietan plazaratu behar izan zituzten.
Ondarroako inauterietako apainketa lehiaketa, berriz, Gaztedi tabernak eta Ibili dendak irabazi dute; epaimahaiaren iritziz eurak izan dira herriko «dotoreenak». Tabernen kategoriako bigarren saria, ostera, Xirula tabernarentzat izan da, eta denden artean bigarren saria, aldiz, Urrosolo Bitxiak-entzat izan da.
Olinpiar jokoen lastargia piztuta hasi zuten emanaldia Ispasterren. Txikienetatik hasi, eta nagusienetaraino antzezpen eta dantza saioak egin zituzten; amaitzeko, maila guztietako ikasleak elkartu, eta olinpiadetako kanta abestu zuten euskaraz. Emanaldien ostean, hamaiketakoa jan zuten herritarrek.
Oraindik, baina, aratusteetako azken txanpa falta da. Datorren zapatuan ere mozorrotzeko aukera izango du gura duenak, Bermeoko 80’s party jaialdian edota Ibarrangeluko inauterietan. Azken herri horretan, aurten, marrazki bizidunei buruzko mozorroekin janzteko eskatu dute.