Korrikaren aurkezpenak egingo dira Busturialdean
Batzuk da aurtengo Korrikaren leloa. Otxandiotik Iruñeara, 10 egunez Euskal Herriko bazter guztiak euskaraz bustiko ditu 20. Korrikak. Apirilaren 5ean iritsiko da Busturialdera, eta, horren harira, datozen egunetan aurkezpenak egingo dituzte Bermeon eta Gernika-Lumon.
Bermeon, hain zuzen ere, gaurko jarri dute hitzordua; Goiko plazako Kabidxen batuko dira 19:30ean. Aurkezpena egiteaz gain, erakusketa ere prestatu dute. Bertan, Korrikaren edizioetan erabili izan diren material desberdinak, petoak, txapak edota arropak jarriko dituzte ikusgai.
Gernika-Lumon, aldiz, martxoaren 9an egingo dute aurkezpena, 19:30ean, Kultur Etxean. Bertaratzen direnek Korrikaren inguruko informazioa eskuratu eta argazkiak ikusteko aukera izango dute.
Korrika kulturala
Korrika iritsi aurretik, berotzen hasteko, Korrika kulturalaz gozatzeko aukera ere badakar AEK-k datozen egunetarako.
Hain zuzen ere, Kepa Junkera eta Sorginek Maletak ikuskizuna eskainiko dute datorren zapatuan, martxoaren 11n, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan, 20:30ean hasita. Ikuskizunean gonbidatuak ere izango direla jakinarazi dute: Karmele Gisasola harrijasotzailea, Aitzol Atutxa aizkolaria, Iturengo Joaldunak eta Ballet Olaetako partaideak, besteak beste.
Sarrerak salgai daude, 10 euroan. Lizeo Antzokian, Turismo Bulegoan, Kultur Etxean edota Auzokoa tabernan eskuratu daitezke.
Eatik Bermeora
Busturialdera Bedaronatik (Ea) sartuko da Korrika, apirilaren 5ean, eguaztenez. Herri horretara 14:54ean helduko da, eta Elantxobetik (15:59) igaro ostean, Gernika-Lumorako bidea hartuko du. Hain zuzen, 17:30ean sartuko da Korrika Gernika-Lumon. Busturialdeko herriak zeharkatuta, Bermeora heldu (19:39), eta handik Bakiorako bidea hartuko du euskararen alde egiten den ekimen parte hartzaileenak.