Jairik koloretsuenak
Inauteriek kolorez, musikaz, dantzaz eta mozorroz zipriztindu dituzte herriak; eguneroko janzkera alde batera utzita, parean pareko arropa edo mozorrorik landuenak eta originalenak hartu, eta lagun artean gozatzeko egunak dira.Umorea eta giro ona ere e...
Inauteriek kolorez, musikaz, dantzaz eta mozorroz zipriztindu dituzte herriak; eguneroko janzkera alde batera utzita, parean pareko arropa edo mozorrorik landuenak eta originalenak hartu, eta lagun artean gozatzeko egunak dira.
Umorea eta giro ona ere ezinbesteko osagarri bihurtu dira egunotan, eta ondo pasatzeko hainbat jardueraz gozatzen ari dira herritarrak. Kalejirak, dantzaldiak, burrunbada, ikuskizunak, jolasak, bazkariak, tostada eta mozorro txapelketak…Beste hainbat herri eta eskualdetan bezala, giro polita eta koloretsua sortzen dabiltza Busturialdean ere. Ajangizen bariku iluntzean egin zuten dantza Artzube taldekoek, inauteriei hasiera emanez. Gernika-Lumon ere Ostiral Mehea ospatu zuten barikuan, eta, gauean, pertsonaia historikoak gai hartuta, festa egin zuten herritarrek. Zapatu arratsaldean, umeentzako mozorro jaialdia egin zuten merkatu plazan, eta iluntzean, berriz, Elai-Alai dantzari taldea egon zen herriko kaleak girotzen. Aurten, gainera, Luzaideko inauteriak ekarri dituzte.
Bermeoko Alkartasuna dantza taldea ere zapatuan atera zen kalejiran, eta txatxo jantzita, Lantzeko inauteriak dantzatu zituzten, Miel Otxin eta Ziripot haiekin zihoazela.
Domekan, bestalde, marroen aurreskua egiteagaz batera, oilar jokoaren antzezpena egin zuen Gernika-Lumoko Elai-Alaik, kalerik kale dantzan atera aurretik. Hala, herrian galtzear dagoen ohitura bizirik mantendu gura du dantza taldeak. Otzararen zozketa ere egin dute, eta dagoeneko eman dute saria. Berbalagunen eskutik, irrintzi lehiaketa ere egin zuten, Foru plazan.
Gautegiz Arteagan, Errigoitin, Bermeon eta Busturian ere aratuste domeka ospatu dute, umeentzako kalejira, joko, tostada txapelketa eta abarrekin.
Eskualdean, Mundakako Atorrek eta Lamiek garrantzia berezia hartzen dute aratuste domekan, eta, aurten ere hala izan da. Gainera, 40 urte bete dituzte aurten Mundakako Lamiek, eta, beste batez, beren dantza eta kantuekin herriko txokoak alaitzera atera ziren. Goizean, berriz, Atorrak ibili ziren, kalerik kale. Ohiko ibilbidea egin ostean, jende bete portuan amaitu zuten kalejira, usadioari jarraituta. Atzo, Gernika-Lumon eta Arratzun umeentzako jarduerak egin zituzten.
Mutrikun, bestalde, Pikomelatosen kalejirarekin batera hasi zituzten inauteriak, barikuan. Eta hasiera batean euririk ari ez bazuen ere, kalejirak lehenengo metroak egin zituenean zaparrada hasi zuen. Halere, atertu zuenean jarraitu zuten kalejira koloretsuarekin. Zapatuan ere beste hainbat ekintza egin ziren, baina Gure Ametsa dantza taldekoek ez zuten koreografiarik egin; taldeko kide baten heriotza zela eta, bertan behera geratu zen ikuskizuna.
Kuadrillen antzezpenak
Aulestin zapatuan egin zituzten ospakizunak. Kuadrillek antzezpena egin zuten. Saria nagusiak Artaburutarrak kuadrillak (nagusiak) eta Go!azen-ek (gazteak) jaso zituzten. Ondarroan, aldiz, Lantzoi jaunak inauteriei ongietorria eman zien, burrunbada eta guzti.
Markina-Xemeinen ere zapatuan hasi ziren inauteriak girotzen, Lantzeko dantzekin. Domekan, berriz, egun handia ospatu zuten. Zelaira joan zenak, gainera, inauterietako berritasunetako bat ikusteko aukera eduki zuen. Izan ere, antzar jokoa egin ordez, zaldi zinta jokoa egin zuten estreinako. Bost parte hartzaile animatu ziren trosta bizian joanda zintak hartzera. Eta sari nagusia Iñaki Armaolea Antxi-k jaso zuen. Cadillac zaldiaren gainean joanda, hamahiru zinta lortu zituen. Bigarren eta hirugarren postuak Eider Guenagak eta Aitor Uberuagak lortu zituzten, hurrenez hurren.
Zinta jokoa amaitzean, berriz, Zerutxu dantza taldekoek inauterietako Zaragi dantza egin zuten kalerik kale, hartz eta guzti. Eguerdian, gainera, herriko kuadrillak kalejiran atera ziren txarangagaz batera. Ohiko mozorroez gainera, irudimena ederto landu zuten, janzkera bereziak kaleratzeko. Taldekako sari nagusiak terremoto airlines (umeak) eta aerostatoek (nagusiak) jaso zituzten. Banakako sariak, ostera, pertsona ikustezina (umeak) eta Benidorm (nagusiak) mozorroek jaso zituzten.
Gizaburuagan ere, herenegun mozorrotu ziren. Berriatuan, aldiz, mozorro desfileak egin zituzten frontoian. Ume mailan, Egoiren mozorroa izan zen onena, eta desfile onena, berriz, Aiertena. Nagusi mailan, bestalde, mozorro onena Txirri eta Mirrirena izan zen, eta desfile onena, Cirkus Humbertorena.