Bihar, berriro batuko dira elkarretaratzean Gernika-Lumoko Udaleko langileak
ELA eta LAB sindikatuek deituta, protesta egin zuten hilaren 20an, Gernika-Lumoko Udaleko langileek, udaletxe aurrean. Udalaren aldetik erantzunik jaso ezean, mobilizazioekin jarraituko zutela esan zuten, eta, hala egingo dute. Bihar ere, 11:00etan, udaletxe aurrean batuko dira, udal arduradunak beraiekin eseri daitezen exijitzeko.
Udaletxeko langileez gain, udaleko kirol patronatuko, turismo arloko, kultur etxeko, kiroldegiko, musika eskolako, Lanbide Ekimeneko, udal euskaltegiko eta udaltzaingoko langileak ere batu ziren hilaren 20ko elkarretaratzean. Horiek guztiek lanpostuen aitorpena exijitu zuten.
Hain justu, beraiekin eseritzea eskatzen diote udal arduradunei; alegia, “lanpostuen balorazioa mahai gainean jartzea eta langileen eskakizunak eztabaidatzea”. Eskaera horren aurrean, baina, udal arduradunen berririk ez dutela kritikatu dute.
Gauzak horrela, hurrengo osoko bilkuran, negoziazio mahaia biltzeko eskatuko dute, mozio bitartez. Hala ere, hileon osoko bilkurarik egin ez dela kontuan hartuta, mozioa aurki kaleratuko dutela jakinarazi dute.