Herribideen inbentarioari buruzko aurkezpena egingo dute Ajangizen
Ajangizko Udalak udalerriko Bide Publikoen Inbentarioa osatzea du helburu, “den-denok antzina-antzinatik gure lurraldea egituratu zuen bide sarea ezagutzen laguntzeko”.
Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat udaletxetan behar horretan jarduten direnen zerbitzua kontratatu du: Sendo S.L. ingeniaritza zerbitzua, hain justu. Hala, bertako lantaldeko teknikariak izango dira jarraituko duten metodologia –arlo tekniko zein administratiboan– herritarrei azalduko dietenak.
Udalak jakinarazi duenez, martxoaren 4an egingo dute Sendo S.L. enpresako teknikariek herribideen inbentarioen gaineko aurkezpena: 12:00etan, kultur etxean. Udalak, bere aldetik, herritar guztiak gonbidatu ditu aurkezpenean parte hartzera; “batetik, intereseko datuak eskuratzeko, eta, bestetik, bideen usadiozko erabileren eta gaur egungoen artean ematen den bilakaerari buruz aritzeko”.
Hala, lanak bukatuta, Ajangizek “berme guztiak beteko dituen eta etorkizunean bideen aferaren inguruan sortu litekeen edozein liskarri aterabidea emateko oinarria izango den Bide Publikoen Inbentario bat” izango duela ziurtatu du udalak.