Bi taldeek atzo lehiatu zuten 17. jardunaldiko partida, eta basurdeak etxera esku utzik bueltatu arren, talde katalanak gogor borrokatu behar izan zuen neurketa irabazteko.
Ideiak argi zelairatu zen etxeko taldea, eta haren etengabeko erasoak gelditzeko gogor lan egin behar izan zuen talde gernikarrak. Hala ere, basurdeen ahalegina ez zen nahikoa izan, eta partida hasi eta gutxira lortu zuten etxekoek haien lehen entsegua.
Baina, oraindik minutu asko zituzten aurretik, eta basurdeak ez zeuden amore prest. Hala, haien ekinari esker, etxekoak partidaren kontrola galtzen hasi ziren, eta talde gernikarrak beren jokoa egiteko aukera izan zuen. Gainera, zigor kolpe bati esker, Pichlerrek markagailuko aldea murriztea lortu zuen.
Baina, katalanek baloia errekuperatu, kontraerasora jo, eta zigor kolpe batekin aldea handitu zuten berriro. Ondoren, basurdeek beste zigor kolpe batekin hiru puntu lortu zituzten (Pichlerrek transformatu zuen). Hurrengo minutuetan partida kontrolpean izan zuten gernikarrek, baina, etxeko taldeak bi entsegu jarraian lortu zituen.
Ondo jokatu arren, markagailuko emaitza kontra zuten basurdeek, eta markagailua iraultzeko gogor lan egin behar zutela bazekiten. Lehen zatiaren amaieran Nachok lortu zuen lehen entsegua, eta Pichlerrek transformatu ostean, 18-13ko emaitzagaz heldu ziren atsedenaldira.
Argazkia: Anuar Gomez.
Bigarren zatia ezin hobeto hasi zuen etxeko taldeak, entsegua egin baitzuen. Hala ere, basurdeek haien erasoko jokaldiei etekina ateratzeko zereginean jarraitu zuten, eta haien entsegu aukera batean, etxeko taldea jokalari bat gutxiagogaz geratu zen (Joaquin Palisari egindako faltagatik, Oriol Pujoli txartel horia atera zion epaileak).
Talde gernikarrak presioa egiten jarraitu zuen, eta Pichlerrek gernikarren bigarren entsegua egin eta transformatu zuen. Ondorioz, hiru puntuko aldeagaz jarri ziren: 23-20.
Partida irekita zegoen, baina, etxeko taldeak lortu zituen neurketaren azken puntuak. Hain zuzen ere, lehenengo zigor kolpe bat lortu zuten, eta 76. minutuko entseguagaz partida erabakita utzi zuten.