Gernika, Durango eta Otxandioko bonbardaketetatik bizirik ateratakoek Gernika-Lumoko Batzarretxean utzi dute joan den hilean jaso zuten Sabino Arana saria; beraientzako «leku esanguratsuan».
Gernika, Durango eta Otxandioko bonbardaketen biktimak, beraien herriko hiru nerabegaz, hiru herrietako udal ordezkariak, Ana Otadui eta Juan Maria Atutxa Gernikako Batzarretxean. Argazkia: Bizkaiko Batzar Nagusiak.
Bonbardaketaren biktimak beraien herrietako nerabeez lagunduta bertaratu ziren domekan Gernika-Lumoko Batzarretxera. Hain zuzen, Gernika-Lumoko Andone Bidaguren eta Garoa Basterretxea, Durangoko Pilar Bilbao eta Pello Iriondoz eta Otxandioko Maria Angeles Ortiz de Zarate eta Mikel Lasuenez elkartu ziren domekako ekitaldian. Horiekin batera, hiru herrietako udal ordezkariek, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta Juan Maria Atutxa Sabino Arana Fundazioko presidentea ere egon ziren.
Batzarretxera egindako bisita aprobetxatuta, bertako Ohorezko Liburuan idatzi zuten biktimek: «Euskal herritar guztion etxe sakratuan eta gure askatasunaren ikur nagusia den Arbolaren gerizpean, honako sari hau gorde gura dugu bertan 1936-1939ko gerrako biktima guztiak gogoan hartuta, eta gaur egun ere gatazka belikoen eta jazarpenaren kalteak pairatzen ari diren guztien izenean».
Otaduik, bere aldetik, aipatu du beraientzat «ohore» bat dela «sari garrantzitsu eta hunkigarri» hori Batzarretxean gordetzea.