Amisha Carter gutxienez sei hilabete egongo da kantxetatik kanpo
Ezkerreko belauneko lesioaren ondorioz, denboraldia nahi baino arinago amaitu zaio estatubatuarrari, eta Gernika-Lumoko klubetik jakitera eman dutenez, ebakuntza egin beharko diote.
Hilaren 18an Perfumerias Avenidaren kontrako partidan min hartu zuen (lehen laurdenean, eta ez zuen gehiago jokatu), eta erresonantzia egin zioten eguaztenean (hilak 22). Ezkerreko belauneko aurreko lotailu gurutzatua guztiz hautsita dauka, eta baita barruko meniskoaren osteko adarra ere. Halaber, albo bateko kanpoko lotailuan zaintiratua du.
2016-2017 denboraldiko lehen zatian, Carter Lointek Gernika Bizkaiaren jokalari garrantzitsuenetakoa izan da, eta haren hutsunea igarriko da taldean.
Porrota Campus Prometeren kantxan
Hain zuzen ere, Gernika-Lumoko taldeak Campus Prometeren kantxa bisitatu zuen atzo arratsaldean, eta 76-69 galdu zuen. Jokaldi onak egin arren, jokoan sendotasuna eta jarraitutasuna falta izan zitzaizkion taldeari.