Busturialdeko herritarrek inauteriekin hitzordua daukate datozen egunotan. Inauteriek kolorez, musikaz, dantzaz eta mozorroz zipriztinduko dituzte auzo eta herriak, eta eguneroko janzkera alde batera utzita, parean pareko arropak edo mozorrorik landuenak eta originalenak hartu, eta lagun artean gozatzeko egun bereziak izango dira.
Umorea eta giro ona ere ezinbesteko osagarri bihurtuko da datozen jaietan, eta egun horietan ondo pasatzeko hainbat jarduera edukiko dituzte aukeran herritarrek. Kalejirak, dantzaldiak, burrunbada, ikuskizunak, jolasak, bazkariak, tostada eta mozorro txapelketak…, giro polita eta koloretsua sortuko dute txoko guztietan.
Gaur eguerdian, Bermeoko Alkartasuna dantza taldeak kolorez zipriztindu ditu herriko kaleak. Kalejiran atera, eta txatxo jantzita, Lantzeko inauteriak dantzatu dituzte, Miel Otxin eta Ziripot haiekin zihoazela. (Argazki galeria:
hemen)
Ajangizen atzo iluntzean egin zuten dantza Artzube taldekoek, inauteriei hasiera emanez. Gernika-Lumon ere ostiral mehea ospatu zuten atzo, eta, gauean,
pertsonaia historikoak gai hartuta, festa egin zuten herritarrek. Ostalariek ere beraien tabernak apaindu zituzten, inauteri giroa berotzeko. Gaur iluntzean, berriz, 19.00etan hasita, Elai-Alai dantzari taldea izango da herriko kaleak girotuko dituena. Aurten, Luzaideko inauteriak ekarriko dituzte dantzariek herritarren artera. Arratsaldean, berriz, umeentzako mozorro jaialdia egingo dute merkatu plazan, 21.30ak arte.
Bihar, berriz, maroen aurreskua egiteagaz batera,
oilar jokoaren antzezpena egingo du Elai-Alaik, kalerik kale dantzan atera aurretik. Berbalagunen eskutik, Irrintzi lehiaketa ere egingo dute, Foru plazan.
Hurrengo egunetan ere izango da zerekin gozatu Busturaldeko herrietan. Inauteriek mozorroak, jai giroak eta egitarau beteak dakartzate eskualdera. Bihar, domeka, Atorren txanda izango da Mundakan. 12:00etan hasita, kalerik kale ibiliko dira atorrak herri horretan. 18:00etan, berriz, lamiak agertuko dira herriko plazan, beren dantza eta kantuekin. Aurten, gainera,
Mundakako lamiek 40 urte beteko dituzte.
Gautegiz Arteagan, Errigoitin, Bermeon eta Busturian ere aratuste domeka ospatuko dute, umeentzako kalejira, joko eta abarrekin. Astelehen eta martitzenean ere mozorro giroko festa izango da hainbat herritan.