Pilotari gernikarrak erretiroa hartuko du, eta Labrit frontoian jokatuko du profesionaletako azken partida. 16:45ean hasiko da pilota jaialdia (hiru partida daude).
Argazkia: Asegarce.
Asegarceko atzelariaren bikotea Iker Arretxe izango da, eta Andoni Aretxabaleta markina-xemeindarra eta Iker Tainta barañaindarra izango dituzte aurkari.
Bikote zein aurkari moduan izango dituen pilotariekin agurtzeko aukera duelako pozik dago gernikarra. Hain zuzen ere, Arretxegaz makina bat partida jokatu ditu, eta Aretxabaleta ere lagun handia du. “Bost urte daramatzat Aretxabaletagaz entrenatzen; bera eta Arretxe lagun handiak ditut”, adierazi du Apraizek.
2006ko abuztuaren 18an Gernika-Lumoko Santanape pilotalekuan debutatu zuen profesionaletan Apraizek eta ordutik 540 partida jokatu ditu.
Profesionaletan debutatu aurretik, baina, afizonatuetan 2006ko Bizkaiko Bikotekako Txapelketa irabazi zuen, eta 2005ean Antiguako eta Lezoko Bikotekako Torneoetan nagusitu zen.
Herrian hasi zuen profesionaletako ibilbidea eta orain ere, gernikarren aurrean agurtzeko ilusioa duela azaldu du: “Arkupe Pilota Taldea udalagaz harremanetan jarri da hemendik bi astera omenaldi bat egiteko. Debuta ere herrian izan zen, eta polita izango litzateke herriko zaleen aurrean agurtzea”.
Sarrerak
Biharko partidetarako sarrerak 688 86 88 68 telefono zenbakira deituta erreserbatu daitezke. Halaber, bihar 12:30etatik 13:30etara eta 16:00etatik aurrera eskuratu ahalko dira Labriteko txarteldegian.
PARTIDAK:
Arretxe II – Apraiz
Tainta – Aretxabaleta
- ESKUZ BINAKAKO TXAPELKETA (FINAL LAURDENA)
Olaizola II – Untoria
Ezkurdia – Merino II
- PROMOZIOKO ESKUZ BINAKAKO TXAPELKETA (FINAL LAURDENA)
Ugalde – Martinez
Errandonea – Martija