Oka ibaiaren ingurunea berreskuratzeko ekintza planaren parte diren garbiketa lanak bukatutzat eman ditu udalak.
Paisaia bere onera ekarri eta bertoko espezien garapena suspertzeko helburuarekin, sasiak eta kanpoko espezieak kendu dituzte hondatuta zegoen 30.000 metro karratuko eremuan. Horregaz batera, bertoko espezieak mantendu dituzte. Arbolarik ez zegoen lekuetan, esaterako, berriak landatu dituzte: 24 haltz eta 200 iltze-belar.
Udalak jakitera eman duenez, lur zati horrek kilometro bateko luzera dauka, eta, dioenez, landare erasotzailez beteta egon da.
Lan horiek gauzatzeko, Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan du Gernika-Lumoko Udalak. Azken horrek jakinarazi duenez, lanek 26.105,81 euroko kostua izan dute.
Bestalde, udalak azaldu du heskaiz egindako eremua sortzeko asmoa ere baduela. Bertan, espezie ugaritako zuhaixkak eta 180 landare landatu nahi ditu. Horretarako, zati bitan banatuko du lur eremua: 28 metroko luzera edukiko du batak, eta 93 metrokoa, berriz, besteak. Jarduera horregaz, eremu bat mugatu eta integratu nahi dute, non hiri inguruko ortuak prestatzea posible izango litzatekeen.
Udalak adierazi duenez, proiektua osatzeko interpretazio-panela jartzea aurreikusten dute, besteak beste. Halaber, herritarren parte hartzea sustatuko luketen jardunaldiak antolatzeko asmoa ere erakutsi du. Hartara, inguru berria ezagutzeko aukera izango lukete herritarrek.