Domekan, dei berezia dute muxikarrek. Gure Esku Dago herri ekimenak giza katea egingo du Muxikako Kurtzeroan, eta muxikarrei dei egin die parte hartzeko. 13:00etan elkartuko dira horretarako. Ostean, bertsolariekin batera, triki-poteoa egingo dute. Muxikako Gure Esku Dagok jakinarazi duenez, gainera, domekan bertan egingo dute ofizialki galdeketarako deia.
Muxikan ez ezik, beste hainbat herritako Gure Esku Dago herri ekimenak ere deialdiak egin ditu. Arratzun, esaterako, zapatu arratsalderako egitaraua prestatu dute. 17:00etan, Belendizen elkartuko dira arratzuarrak, eta, denek batera, martxa txiki bat egingo dute herritik zehar. Ostean, 19.00ak aldera, txitxiburduntzia egingo dute Belendizeko aparkalekuan. Ostean, txokolatea jateko aukera izango dute.
Nabarnizen, musika izango da protagonista. Hesian taldeko abeslari Fran Uriasek eta Ainhoa Unzuetak kontzertu akustikoa emango dute zapatuan, Nabarnizeko elizan, Gure Esku Dago ekimenaren alde. Sarrera 5 euro ordaindu beharko da, eta 12 urtetik beherakoek doan izango dute. Kontzertuaren ostean, pintxopotea egingo dute.
Gautegiz Arteagan ere asteburu honetarako deia egin dute. Hain zuzen, herri argazkia ateratzeko batu gura dituzte herritarrak. 13:00etan elkartuko dira, herriko plazan. Argazkia atera ostean, kantu poteoa egingo dute.
Lokala irekiko dute Gernikan. Gernika-Lumoko Gure Esku Dagok lokalaren inaugurazioa egingo du bihar. Lehen zuen lokal bera erabiliko du, Arrien tabernaren ondoan. 19:00etan izango da inaugurazioa, eta 20:00ak arte, apirilaren 2rako boluntario modure laguntzeko prest daudenek bertara jo dezakete. Gainera, oraindik sinatu ez duenak eta herri galdeketari babesa eman gura dionak bertan izango du horretarako aukera.
Arrien taberna ondoko lokala irekiko dute berriro
Astelehenean, asteazkenean eta barikuan ere zabalik egongo da Gernikako Gure Esku Dagoren lokala. 19:00etatik 20:00etara, herritarrei informazioa emateko egongo dira han. Besteak beste, boto aurreratuari buruzko zalantzak, mahaien kokalekuei buruzkoak, botoa nork eta zelan eman daitekeen, herritarrek zein galderari erantzun beharko dioten edota bestelako zalantzak argitzeko zabalik egongo da lokala.
Bertso afaria, bazkaria eta beste. Asteburu honetako egitarau zabalak jarraipena edukiko du hurrengo asteetan ere. Apirilaren 2an egingo duten herri galdeketaren alde, bertso afaria egingo dute martxoaren 3an, Gernika-Lumoko Astran. Arkaitz Estiballes, Oihana Bartra eta Ander Elortegi ariko dira bertsotan. Txartelak Astran eta Auzokoa eta Lagun-Etxea tabernatan daude salgai 20 euroan (langabetuek 10 euro).
Bermeon, jai giroan, bazkaria egingo dute martxoaren 18an, Kasinoan, eta abeslari ospetsu batek girotuko du bazkalostea.
Bazkalaurretik, kalejira koloretsua eta alaia egingo dute. Horretarako, Seaska lokalean batuko dira, 13:00etan.
Eak eta Ereñok ere herri galdeketari begira, herria girotzeko jarduerak egingo dituzte datorren asteburuan. Talo jana egingo dute Ereñoko Elexalden, martxoaren 4an, 19:00etan.
Eako Gure Esku Dago-k, berriz, umeentzako eguna antolatu du martxoaren 4rako.