Frantziskotarrak omenduko ditu Eleizalde ikastolak zapatuan
Bermeoko Eleizalde ikastola 50.urteurrena ospatzen ari da. Ospakizunen baitan, zapatuan, frantziskotarrak omenduko dituzte. 12:00etan hasiko da omenaldia Frantzisko Deuna enparantzan, Taraskan. Azaldu dutenez, dantzariek, bertsolariek, abesbatzak…parte hartuko dute zapatuko omenaldian.
Orain dela 50 urte, hau da, 1966-67 ikasturtean, frantziskotarren lokal ezberdinetan hasi zen martxan Eleizalde ikastola. 1978. urtean Arane auzoan ikastola eraiki zen arte, aipatu lokal horietan egon ziren ikastolako ikasleak. Gainera, ikastolatik jakinarazi dutenez, “1978tik 1983ra, eskolaurreko umeek frantziskotarren lokaletan jarraitu zuten, gaur egun, Erreten parkera ematen duen harresiaren inguruan”. 1983ko uholdeetan gela horiek suntsitu zirenean Araneko ikastolara joan ziren ume guztiak.
Bestalde, azaldu dutenez, “frantziskotarrak euskara eta euskal kulturaren aldeko lanean eta konpromisoan ere bidelagun izan ditugu”. Horregatik guztiagatik, Eleizalde ikastolaren ustez, “50.urteurren honetan frantziskotarrek aipamen berezia eta omenalditxo bat behar dute”.