Bermeoko Alde Zaharra berreskuratzeko lanen berri eman dute Errenteriako jardunaldi batzuetan
Berualako zuzendari Santi Muruak, Tecnaliak eta Errenteriako Udalak antolatutako Etxebizitza eta Alde Zaharren birgaikuntza eraginkorra jardunaldietan parte hartu du. Aipatu jardunaldietan Bermeoko Alde Zaharra berreskuratzeko egindako lanen berri eman du.
Asteon Errenterian egin duten jardunaldia, NeZeR eta CERtuS Europa mailako ikerkuntza proiektuen baitan kokatzen da. Jardunaldiaren helburua, Bermeoko Udalak azaldutakoaren arabera, “topaketa puntu bat sortzea zen ia zero kontsumo duten eraikinen bilaketan, birgaitze tresnak eta finantziazio mekanismoak aztertzeko”. Horrez gain, Errenterian birgaitze bulego bat irekiko dutela aprobetxatuz, “beste elkarteen esperientziak eta funtzionamenduak ezagutzeko aukera eduki zuten”. Bermeoko Udaletik jakinarazi dutenez, hainbat izan ziren euren esperientziak azaldu zituzten elkarte eta erakundeak.
Muruaren ustez, jardunaldi horretan parte hartzea “oso positiboa” izan da: “Estatu mailan, hiri handien parean jarri dute Bermeo. Gainera, beste erakunde eta elkarte batzuen esperientziak ezagutzeko aukera eduki dugu, eta, guk egindako lana beste batzuekin elkarbanatzeko aukera ere eduki dugu”.