Hitzordu bi izango dituzte zapatuan [otsailak 25], arraun taldeek. Alde batetik, Bizkaiko Batelen Ligako hirugarren estropada jokatuko da Sestaoko La Benedicta eremuan, eta bestetik, Hondarribiko XVII. Traineru Jaitsiera izango dute.
Denetara Bermeoko hamar batelek parte hartuko dute, 15:00etan hasiko den batel txapelketan: umeen mailako mutilen hiru batelek eta nesken batek, kadete mailako mutilen bik, gazte mailako mutilen hiru batelek eta gazte-senior mailako nesken batek.
Elantxoberi dagokionez, lau batel eramango dituzte Sestaora: absoluto nesken bat eta mutilen bat, kadete mailako mutilen bat eta gazte mailako mutilen bat.
Traineruen jaitsiera. Hondarrabin ere egongo dira Bermeokoak, eta gizonen senior mailako traineru bi aterako dituzte Hondarribiko uretara.
Guztira, 20 traineruk dute izena emanda senior mailan, eta 16:00etan hasiko dira bogan, banaka.