Apirilaren 2ko olatua gerturatzen ari da, eta Gure Esku Dago-k ekimenak antolatu ditu Busturialdean asteburu honetarako ere. Erigoitin eta Gernika-Lumon sinadurak bilduko dituzte. Herri galdeketa herritarren aterkipean egin gura dute, eta babesa adierazten duten sinadura bilketarekin jarraituko dute bi herrietan.
Gernikan, zapatu eta domeka goizean Picasso kalean egongo dira, 12:00etatik 14:00etara. Gainera, Lurgorrin ere sinadurak batuko ditu Gure Esku Dagok zapatuan, 12:00etatik 14:30era, Bizkaia eta Lurgorri kaleen arteko bidegurutzean. Domekan ere mahaia ipiniko dute Lurgorrin, 11:30etik 14:30era. Errigoitin, domekan ipiniko dute mahaia: Olabarrin 13.00etatik 14:00etara eta Urian 13:00etatik 15:00etara. Gainera, erabakitze eskubidearen aldeko zozketa antolatu dute Errigoitin. Txartelak herriko 3 tabernetan daude salgai, 2 euroren truke. Heriko produktuekin beteriko otzara bat, Elizalde jatetxean menua eta Elizalde ostatuan gau bat gosariarekin dira zotz egingo dituzten sariak.
Ean ere sinadurak batuko dituzte. Azken eguna izango dute zapatuan, otsailaren 18an. Herri horretan, baina, Natxitua, Ea eta Bedaronako bizilagunak batuko dira, kantuan. Gure Esku Dago jaialdia egingo dute egun osoan zehar, eta txokolate jana arratsaldean. Argazkiak ere aterako dituzte, auzo bakoitzean mosaiko bana egiteko.
Foruan, domekan bildu gura dituzte herritarrak. 13:00etan batu eta auto karabana egingo dute auzoetatik. Ostean, sinadura bilketaren amaiera ekitaldia egingo dute, pintxo eta guzti; eta kantu poteoan ibiliko dira gero foruarrak.
Nabarnizen, kontzertu akustikoa antolaatu dute hurengo astebururako, otsailaren 25erako. 19.00etan hasiko da, nabarnizeko elizan. Hesian taldeko abeslari Fran Urias eta Ainhoa Unzuetaren emanaldia izango da. Kontzerturako sarrerak 5 euroan daude salgai, eta 12 urtetik beherakoek doan izango dute. Ostean, pintxo potea egingo dute herriko tabernetatik.