Basurdeek Euskal Ligaren 2. jardunaldia dute domekan
Hain zuzen ere, Euskal Ligan etxean jokatzen duen lehen partida izango da.
Domekan 12:00etan hasiko da Urbietan bi taldeen arteko neurketa.
Basurdeak irabazteko gogotsu zelairatuko direla azaldu dute: “Irabaztea espero dugu. Dena emateko gogo itzela daukagu. Hilabete daramagu jokatu barik, eta gogotsu gaude”.
Izan ere, urtarrilaren erdialdera lehiatu zuten Euskal Ligaren 1. jardunaldia Ordizian. 12-32 nagusitu ziren ordiziarren kontra.
Asteburuko aurkaria erraz mendean hartzea espero dute. Bera Bera sailkapeneko azkena da, eta 1. jardunaldian Errioxaren kontra galdu zuen. Hala ere, apurka-apurka hobetzen doaz, eta ezustekorik ez izateko gogor borrokatuko dira basurdeak.
Otzararen zozketa
Bestalde, Amaiur Torneoan egin moduan, Euskal Ligaren partidetan ere otzarak zozkatuko dituzte. Etzi Lurdes fruta dendaren produktuez osatutako otzara zozkatuko dute.
Era berean, Urbietara bertaratzen direnentzat pintxoak prestatuko dituzte. Jendearen babesa beharrezkoa dutelako partida ikustera animatu dituzte herritarrak.