Zerbitzu gida berria kaleratuko du Gernika-Lumoko Udalak, martxoan
Herritarren eta udalaren komunikazio kanalak indartzea espero duen zerbitzu gida izango da; udalerrian zein herri administrazioan eskaintzen diren zerbitzuen informazioa emango duena, “era eraginkor eta erosoenean”.
Merkataritza eta Turismo Sailak argitaratuko du gida hori, eta, guztira, 10.000 ale kaleratuko ditu. Udalak jakitera eman duenez, herritarren postontzi guztietan ale bana utziko dute, eta, horrez gain, Turismo Bulegoan ere utziko dituzte beste hainbat ale, edozeinek bertan eska edota eskura ditzan.
Gidaren atalak
Udalaren esanetan, “informazio praktikoa” bilduko du zerbitzu gida horrek, eta, zortzi ataletan banatuta egongo da. Informazio orokorra eta udalbatzari buruzko informazioa emango du sarreran, eta zerbitzuei buruzkoa (harremanetarako bideak, eskaintzak eta azalpenak, besteak beste), berriz, bigarren atalean. Azken zatian, ostera, udal sail ezberdinetako (Ekonomia Sustapena, Turismoa, Gizarte eta Toki Garapena, Euskara, Kultura eta Zerbitzuak, Hezkuntza eta Osasuna) informazioa eskuratu ahalko du herritarrak.