Behargintzak bi ikastaro eskainiko ditu martxoan, Lanberri programaren baitan
Bermeoaldeko Behargintzak bi ikastaro antolatu ditu martxorako. Ikastaro horiek Lanberri programaren baitakoak direla azaldu dute. Bizkaiko Foru Aldundiaren programa bat da Lanberri; bere helburua, laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak lan merkatu arruntean sartzea da.
Alde batetik, informatika ikastaroa eskainiko dute; eta, bestetik, soldadura eta eskorga ikastaroa.
Informatika ikastaroa, informatika arloko ezagupenak sendotu gura dituzten emakumeei zuzenduta dagoela jakinarazi dute. Honako edukiak landuko dituzte: sistema eragilea, informazioa bilatzea, Internet eta intranet, posta elektronikoa, kalkulu orrien aplikazio informatikoak, tramiteak sarean… Ikastaroa martxoan hasiko da eta ekainera arte luzatuko da. Guztira, 210 orduko ikastaroa izango dela azaldu dute.
Bestalde, soldadura eta eskorga ikastaroa, ibilbide profesionala soldadura arlora zuzendu guraduten pertsonei zuzendutakoa da. Ikastaro horretan landuko dituzten edukiak honakoak izango dira: ezagupen teoriko eta praktikoa soldadura arloan, lan arriskuen prebentzioa, eskorga erabilera eta lan bilaketa ikastaroa. Bigarren ikastaro hau ere, martxotik ekainera eskainiko da. 320 ordu emango dituzte soldadura ikasten, makineria jasotzailera 70 ordu bideratuko dituzte, eta, 30 ordu, berriz, lan bilaketa aktibora.
Aipatu ikastaroei buruzko informazio gehiago gura duten pertsonek Behargintzan jaso ahal izango dute, 94-617 91 90 telefono zenbakira deituta edota behargintza@bermeo.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita.