Espainiar estatuaren politiken erasoetatik babesteko,
babes sozialerako euskal sistema publikoa eraikitzea proposatzen ari da LAB sindikatua. “Bankuen mesedetara dauden gobernuek” hartutako erabaki politikoengatik beharginen pentsioak arriskuan daudela diote. Hori dela eta, herritarrei egoeraren berri eman eta salaketarako kanpaina bat jarri du abian sindikatuak. Busturialdeko eta Lea-Artibaiko bost herri handienetan egon dira LABeko ordezkariak aste honetan, eta Markina-Xemeingo azokan eman dute horren guztiaren berri, gaur [otsailak 16] goizean.
Nahiz eta Espainiako gobernuak bere politikak aldatu dituela esan, sistema publikoan egiten ari diren errekorteak etengabeak direla azpimarratu dute LABeko ordezkariek. “Gizarte Segurantzako erreserba-funtsa erabiltzen ari dira aurrekontu publikoekin ordaindu beharko lirateken enplegu politikak ordaintzeko eta erreserba-funtsa erabili dute bankuak salbatzeko erabili diren milaka milioiek sortutako zor publikoa ordaintzeko”.
LAB sindikatuko ordezkariak Markina-Xemeingo azokan egin duten agerraldian.
LABen ustez, Espainiako pentsio sistema “makalak” ez ditu euskal langileen pentsioak bermatuko. Hala ere, egoera
errotik aldatzea posible dela azpimarratzen dute, eta horretarako bide bakarra babes sozialerako euskal sistema publikoa eraikitzea dela dio sindikatuak. “Errekurtso nahikoa daude beste sistema bat aurrera eramateko, falta den bakarra erabaki politiko bat hartzea da”.
LABen iritziz, euskal herritarrek behar duten sistemak zenbait
ardatz bete behar ditu.
- Gizarte-segurantza sistema euskaldun bat.
- Integrala.
- Arautegi eta finantza kontuetan erabakitze gaitasun osoa.
- Kalitatezko enplegua sortuko duen politika erreal eta eraginkorra.
- Zerbitzu publiko gehiago eta hobeak.
- Lan denboraren banaketa, soldaten murrizketarik gabe.
- Bizitza eta lanaren arteko kontziliazioa.
- Hobekuntzak soldaten ordainketetan eta egonkortasuna enpleguan.
- Emakumeekiko soldaten diskriminazioa deuseztatzea.
- Lanbide arteko gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea.
- Aurrekontu publikoekin ordaindutako zerbitzu sozial publikoen sarea sortzea.
- Soldatak bermatzeko funts propioak sortzea Euskal Herriko lurralde desberdinetan.
- Pentsio sistema propioa sortzea.
- Jubilatzen diren pertsona guztiei 1.080 euroko pentsioa bermatzea.
- Euskal eremua blindatzea.
- Ikuskapenak areagotzea.
“Ezin da izan jende asko, gure ustez minimoa izan beharko litzatekeen 1.080 euroko pentsioak baino gutxiagogaz erretiratzen egotea, eta Eusko Jaurlaritzak sustatu eta bultzatu beharko luke hori. Bizi osoa beharrean egin duten beharginek ezin dute erretiratu minimo hori bainoko pentsio txikiagoekin, ez diete-eta ematen bizitza duin bat eramateko aukerarik”.
Ardatz horiekin, ordea,
pentsioak bermatuta egongo liratekela nabarmendu du LABek. “PPren, PSOEren eta EAJren botoekin, Europar Parlamentuan atzo onartu zen guztiz kontrako eredua ari gara proposatzen gaur hemen. Europako Parlamentuak onartu duen Europako Batasunaren eta Kanadaren arteko merkataritza libreko CETA itunak zerbitzu sozial guztien prekarietatea besterik ez du ekarriko, euren artean pentsioena”, azpimarratu dute.