Herri galdeketaren eguna izango da apirilaren 2a Busturialdean. Euskal herritarrek beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea dutela aldarrikatu asmoz, Busturialdeko hainbat herritan galdeketa egingo du Gure Esku Dago ekimenak. Horretarako, Busturialdeko herritarrak kontzientziatu gura ditu, eta herri mugimenduaren parte aktibo bilakatu.
Horretarako, hainbat ekimen eta jarduera egin dituzte asteburuan eskualdeko hainbat herritan, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera sustatzeko deialdiak badira datozen egunetarako ere.
Gernika-Lumon, galdeketak herritarren babesa baduela adierazteko sinadurak batuko dituzte. Gaur arratsaldean Maxi Eroskin ipiniko dute mahaia, 17:30etik 19:00etara. Eguaztenean, berriz, kiroldegian egongo dira, 17:30etik 20:00ak arte. Asteburuan ere sinadurak batzeko mahaia jarri dute Gernika-Lumoko erdigunean. Guztira, 200 sinadura lortu dituzte bi egunetan, eta gehiago lortu guran, hurrengo asteburuan ere mahaiarekin kalera aterako dira. Zapatu eta domeka goizean Picasso kalean egongo dira, 12:00etatik 14:00etara. Gainera, Lurgorrin ere sinadurak batuko ditu Gure Esku Dagok zapatuan, 12:00etatik 14:30era, Bizkaia eta Lurgorri kaleen arteko bidegurutzean.
Otsailaren 26rako 1.500 sinadura bildu behar dituzte gernikarrek, eta parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Mahaietan, gainera, salgai ipiniko dute Gure Esku Dagoren materiala.
Aldarrikapena jai giroan. Errigoitin ere sinadurak batzeko mahaia jaarri dute domekan. Eta Busturialdeko beste hainbat herritan ere kalean egon da Gure Esku Dago ekimena. Nabarnizen, triki poteoa egin eta afaritarako batu ziren herritarrak, zapatuan. Arratzun, berriz, zapatu-domekan kolore urdinez jantzi dute herria. Besteak beste, auto karabana, aurkezpen ekitaldia eta sinadura bilketa egin dituzte asteburuan. Guztira, 165 bat sinadura bildu zituzten. Mosaikoa ere osatu zuten herritarrek, eta horretan 180 pertsona inguruk parte hartu zuten.
Datozen egunetarako adi egoteko deia egin du Busturialdeko Gure Esku Dagok. Foruan, kasurako, domekarako deia egin du Gure Esku Dagok. 13:00etan batu eta auto karabana egingo dute auzoetatik. Ostean, sinadura bilketaren amaiera ekitaldia egingo dute, pintxo eta guzti; eta kantu poteoan ibiliko dira gero foruarrak.
Hala ere, asteburuari begira deialdi gehiago ere egon daitezke eskualdean, eta adi egoteko eta parte hartzeko deia egin die Gure Esku Dagok herritarrei.
Asteburuko argazki galeria
hemen ikusgai.