Busturialdeko Gure Esku Dago apirilaren 2ari begira da, eta hainbat herritan ekitaldiak eta jarduerak egin dituzte gaur ere. Arratzuk auto karabana egin dute, eta bihar aurkezpen ekitaldia egingo dute, 13.00etan hasita, eta sinadurak ere batuko dituzte. Ostean, Gure Esku Dago abestiaren koreografiaren grabazioa egingo dute, eta argazki erraldoia atera. Umeentzako jarduerak eta luntxa ere ipiniko dituzte.
Gernika-Lumon sinadurak batzen ibili dira eguerdian. iluntzean, Pintxopotearen orduan ere sinadurak bilduko dituzte; Arrien tabernako arkupeetan ipiniko dute mahaia, 20:00etatik 21:30era.
Nabarnizen, gaur gauean, Herri afaria egingo dute, Perra Toki txokoan. Afal aurretik, 18:30ean, erabakitzeko eskubidearen alde Juan Jose Ibarretxe eta Pili Kaltzadak Gernikan eman zuten hitzaldiaren grabazioa proiektatuko dute. Ostean, herria girotuz, triki poteoa egingo dute. Afaria 21:30ean hasiko da.
Errigoitik, berriz, sinadura bilketa egingo dute bihar. Zallobanten egongo dira 11:00etatik 12:30era, eta Elizalden 13:00etatik 15:00etara. Gure Esku Dagoren taldea zabala dela jakinarazi dute, eta bertan parte hartzeko gonbidapena egin errigoitiar denei.
Era berean, Busturialdeko Gure Esku Dagok Facebookeko orrialdean (
https://www.facebook.com/Gureeskudagobusturialdea/) jakinarazi duenez, eskualde mailako bideoa egiteko lanean ari dira dagoeneko.
Foruarrek, bestalde, hurrengo asteburutik aurrera erabakitze eskubidearen aldeko hainbat jarduera izango dituzte herrian. Hilaren 19an, esaterako, auto karabanan, sinadura bilketako amaiera ekitaldian eta kantu poteoan parte hartzeko aukera izango dute Foruan.