'Futbolariak eta printzesak' antzeztuko dute Ekoetxean
Umeentzako antzezlana domekan eskainiko dute. Emakumea eta zientzia gai hartuta, hainbat jarduera eskainiko ditu Ekoetxea Urdaibaik asteburuanTopiko sexistekin amaitzea asmo duen antzezlana hartuko du domeka honetan Busturiako Madariaga dorretxeak. Ema...
Umeentzako antzezlana domekan eskainiko dute. Emakumea eta zientzia gai hartuta, hainbat jarduera eskainiko ditu Ekoetxea Urdaibaik asteburuan
Topiko sexistekin amaitzea asmo duen antzezlana hartuko du domeka honetan Busturiako Madariaga dorretxeak. Emakumea eta zientzia ardatz hartuta, jarduera ezberdinak egingo dituzte zapatu-domekan; horietako bat, umeentzako antzezlana. Eidabe konpainiaren eskutik, Futbolariak eta printzesak izeneko obragaz gozatzeko eta ikasteko aukera izango dute etxeko txikienek.Esketx moduko eszena laburretan zehar, parekidetasunean bizitzea zailago duten egoerak umore kuttuarekin aurkeztuko dituzte antzezleek, jolasa eta musika lagun dutela.
Odei eta Lurren istorioa kontatuko dute. Klasetik ihes egin duten neska eta mutila dira. Besteengandik ezberdin sentitzen dira, ez dituztelako neska ala mutil bati egozten zaizkion arauak bete nahi.
Lurrek Lur izan nahi du, eta Odeik Odei izan nahi du, inork esan gabe nola jokatu behar duten; alegia, mutila izateagatik futbolean jokatu behar duen ala neska izateagatik printzesak atsegin behar dituen.
Hala, obra horren bitartez, barrea mundua iraultzeko modurik ederrena dela erakutsi nahi dute antzezleek. Eta Lurrek eta Odeik, libre izan nahi dutela, nahi duten hori adierazi, bizi eta sentitzeko, inposaketa eta etiketa sexistarik gabe mundu aske batean.
Domekan, 17:00etan hasiko da antzezlana.
Zapatuan ere jarduerak
Zapatuan ere Emakumea eta Zientzia gaia jorratuko dute Madariaga dorretxean. 11:00etan hasi, eta 18:00ak arte, berdintasunaren jaia egingo dute, Irrien lagunekin. Besteak beste, tailerretan, jolasean edota antzerkiekin gozatzeko aukera izango dute ume zein nagusiek, doan.
17:00etan, aldiz, lihoa eta euskal emakumea oinarri izango duen tailerra emango dute, eta lihoaren lanketa praktikoa egiteko aukera izango da.