Ezinbesteko puntuaren bila
Partida erabakigarria jokatuko dute bihar, Urrutikoetxeak, Imazek, Altuna III.ak eta Barriolak, Markina-Xemeingo frontoian. Bikote biek beharrezkoa dute garaipenaBinakako Txapelketaren hamaikagarren jardunaldia lehia handiagaz ailegatuko da bihar, Mark...
Partida erabakigarria jokatuko dute bihar, Urrutikoetxeak, Imazek, Altuna III.ak eta Barriolak, Markina-Xemeingo frontoian. Bikote biek beharrezkoa dute garaipena
Binakako Txapelketaren hamaikagarren jardunaldia lehia handiagaz ailegatuko da bihar, Markina-Xemeingo Uni frontoira. Urrutikoetxea eta Imaz sailkapeneko zuloan daude hiru garaipenegaz, eta Altuna III.ak eta Barriolak garaipen bat gehiago besterik ez dute. Matematiken arabera, bi bikoteek daukate oraindik finalerdietarako sailkatzeko aukera, baina horretako garaipenen sokari eutsi eta gorantzako bideari ekin beharko diote. Markina-Xemeingo puntua erabakiorra izango da bikote bientzat.Eguazten arratsaldean ere Markina-Xemeinen egon ziren lau pilotariak biharko partidurako materiala aukeratzen. Asegarceko bikoteak 106,6, 106,2 eta 105,8 gramoko hiru pilota aukeratu zituen, Altunak eta Barriolak, bestalde, 105,8, 106,5 eta 105,6 gramoko beste hiru. Pilotekin «pozik» geratu ziren pilotariak, baina garaipenaren premia azpimarratu zuten.
Barriolak autokritika ere egin zuen, bigarren itzulian bere errendimenduak beherantz egin duela esanez. «Sendotasuna galdu dut, eta argi dago horregatik iritsi dela gure krisia», adierazi zuen Leitzako atzelariak. Hala ere, egoerari buelta emateko gogoz dago. «Gure izaera berreskuratu behar dugu, eta nik lehiakorragoa izan behar dut».
Aretxabaletaren itzulera
Jokoan sartzeko gogoaz dago, bestalde, Andoni Aretxabaleta. Bursitiseko lesioak jota ia lau hilabete geldirik egon ondoren, kantxetara itzuliko da bihar, bere herrian, Markina-Xemeinen. Arretxe II-Beroiz eta Victor -Aretxabaleta izango da Binakako txapelketaren aurreko partida. 17:45ean hasiko da.
Inongo minik barik eta guztiz berreskuratuta dagoela jakitera eman du Markina-Xemeingo pilotariak. Ebakuntza ondorengo lehen asteetan hobekuntza handia nabaritu zuela azaldu du. «Egunetik egunera hobetzen joan nintzen, bizkor eta ondo. Hala ere, azken hilabete eta erdian hobera egite hori geldiagotzen joan zen». Denbora aurrera zihoala eta, Itxaso Sanchez fisioterapeutaren eta Enric Sirvent espezialistagaz tratamendu berezi bat probatu zuen Aretxabaletak, eta bi egunetan «izugarrizko hobetzea» nabaritu zuela azaldu du. Horrela, baimena eman ziotenean entrenamenduekin hasi zen. Lehenengo bakarrik, eta azken aste bietan beste pilotariekin batera. «Azken bi asteetan topera ibili nahiz, hala ere, oraindik asko kostatuko zait jokoa hartzea. Dena dela, lana ondo egin dut, eta etorriko dira gero, emaitzak».
Kantxetarako itzulera bere herrian izatea ere «pozik» hartu du Aretxabaletak. «Zorte ederra da herrian jokatu ahal izatea», dio. Bestalde, Markina-Xemeingo frontoia, azken urteetan, Binakako Txapelketaren plaza finko bat bihurtu dela ere nabarmendu du, eta horrek maila handiko ikuskizunak herrian egotea ahalbidetu izana eskertu du pilotariak.
Norgehiagoka gogorra
Biharko partida borrokatua izango da Aretxabaletaren ustez. Indartsu ikusten ditu Urrutikoetxea eta Imaz. «Egia da ere, Altunak gorakada egin duela», esan du. Barriolari dagokionez, betidanik miretsi duen pilotaria dela azpimarratu du, eta bere ibilbide profesionala amaitu orduko Markina-Xemeinen ikusi ahal izatea «handia» dela beretzat dio. «Bere aurka jokatzeko zortea eduki dut. Abel Barriolak pilotari handi bat eta gizon handi bat dela erakutsi du beti».
Barriola, Aretxabaleta zein beste pilotari guztiak ikusteko sarrerak salgai egongo dira gaur eta bihar ere Uni pilotalekuaren leihatilan. Gaur 18:00etatik 20:00etara eskuratu ahalko dira, eta bihar 16:30ean hasiko dute sarreren salmenta.