Ekitaldiz beteriko asteburua dakar Gure Esku Dagok Busturialdera
Modu batera edo bestera, erabakitze eskubidearen aldeko jarduerak egingo dituzte asteburuan Busturialdeko hainbat herritan. Gaur bertan herri batzarrera deitu dituzte arteagarrek. Bagara ala ez gara? galdera mahai gainean, kultur etxean bildu gura dituzte herritarrak, 19:00etan.
Apirilaren 2an erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukera izango dute Busturialdeko herritarrek, eta eskubide horren aldeko jarrera aktiboa bultzatu gura du Gure Esku Dago ekimenak herritarren artean. Horretarako, herriz herri antolatu eta tokian tokiko bizilagunengana heltzeko mobilizatzen ari dira.
Aldarrikapena herritartu eta kalera aterako dute Arratzun ere. Domekan, 13:00etan egingo dute aurkezpen ekitaldia. Ostean Gure Esku Dago abestiaren koreografiaren grabazioa egingo dute, eta argazki erraldoia atera. Umeentzako jarduerak eta luntxa ere ipiniko dituzte. Gainera, 12:00etatik 15:00etara, galdeketari zilegitasuna emango dioten sinadurak bilduko dituzte herritarren artean.
Errigoitin ere sinadura bilketa egingo dute domekan. Zallobanten egongo dira 11:00etatik 12:30era, eta Elizalden 13:00etatik 15:00etara. Gure Esku Dagoren taldea zabala dela jakinarazi dute, eta bertan parte hartzeko gonbidapena egin errigoitiar denei.
Gernikan ere sinadurak batzeko mahaiak aterako dituzte kalera, zapatuan. Hain zuzen, goizean Picasso kalean egongo dira, 12:30etik 14:30era. Eguraldi txarra eginez gero, Arrien taberna aurreko aterpean egongo lirateke.
Gauean, pintxopotea baliatuta, sinadurak batuko dituzte, 20:00etatik 21:30era. Herri osoaren aterkinpean egin gura dute galdeketa, apirilaren 2an.
Nabarnizen, bestalde, erabakitzeko eskubidearen alde, mahaiaren bueltan batuko dituzte herritarrak. Herri afaria egingo dute zapatuan, Perra Toki txokoan.
Afal aurretik, 18:30ean, erabakitzeko eskubidearen alde Juan Jose Ibarretxe eta Pili Kaltzadak Gernikan eman zuten hitzaldiaren grabazioa proiektatuko dute. Ostean, herria girotuz, triki poteoa egingo dute. Afaria 21:30ean hasiko da.