Urdaibai eskubaloi taldeko mutil gazteek Euskal Ligan jokatuko dute
Klubaren historian, lehen aldiz, Liga Autonomikoan jokatuko du mutilen talde batek. Neskak, kadeteak zein gazteak, Bizkaiko ligetan bigarren geratu diraBermeoko Arane kiroldegian jokatutako igoera fasean bigarren postua lortu zuten Urdaibai Eskubaloi t...
Klubaren historian, lehen aldiz, Liga Autonomikoan jokatuko du mutilen talde batek. Neskak, kadeteak zein gazteak, Bizkaiko ligetan bigarren geratu dira
Bermeoko Arane kiroldegian jokatutako igoera fasean bigarren postua lortu zuten Urdaibai Eskubaloi taldeko gazte mailako mutilek, asteburuan. Hala, Euskal Ligan aritzeko aukera edukiko dute.Aurretik, Bizkaiko liga lortu zuten Urdaibaiko mutilek. Hori horrela izanik, klubaren historian, lehen aldiz, mutilen talde batek Liga Autonomikoan jokatuko duela esan dute klubeko arduradunek. Eneko Renteria Bermeoko jokalariak igoera faseko jokalari hoberenaren saria jaso zuen.
Beste alde batetik, mutilen Bizkaiko kadete mailako lehiari dagokionez, Urdaibai Isabel taldeak Barakaldoren aurka jokatutako partida irabazi zuen domekan. Urdaibaiko Mikel Bilbao izendatu zuten finaleko jokalari onena.
Kadeteen txanda
Datorren astean, Gipuzkoako eta Arabako irabazleen kontra lehiatuko dira kadeteak, Bermeon jokatuko diren partidetan, eta irabazleek lortuko dute Euskal Ligara igotzeko txartela.
Klubeko arduradunak itxaropentsu daude, talde sendoa baita. «Liga osoan erakutsi dute edozein talderi irabazteko gai direla».
Duela hamar urte hasi ziren mutilak eskubaloian jokatzen Bermeon, eta urte horietan egindako lanak «fruituak eman dituela argi geratu da», diote.
Nesken balentria
Neskei dagokienez, Bizkaiko ligetan bigarren postuak lortu dituzte gazteek zein kadeteek. Donostian jokatutako igoera fasetik gazteak esku hutsik bueltatu ziren etxera.
Klubeko arduradunen esanetan, «aurkari zailak egokitu zitzaizkien Bermeoko jokalariei. Hala eta guztiz ere, ezustekoa eman, eta zuzenean igotzeko aukera ez zuten urruti izan».
Euskal Ligan jokatu ahal izateko igoera fasearen kadeteen txanda izango da asteburuan.
«Pozik» daude klubean, eta «etorkizun oparoa» ikusten dutela azaldu dute arduradunek: «Jokalari kopurua handituz doa, eta kalitatea ere hobetuz doa urtetik urtera».