Udalak Lointek Gernika Bizkaia taldea zoriondu du Erregina Koparako sailkatzeagatik
Lointek Gernika Bizkaia saskibaloi taldeak Erregina Kopa jokatuko du asteburuan, Gironan (Herrialde Katalanak), eta horraino iristearren, udaletxean gaur egindako harrera taldea zoriontzeko baliatu du Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok. Taldeak egindakoa «oso gauza handia eta herriarentzat oso garrantzitsua» dela adierazi du alkateak, eta asteburura begira «zorte handia» opa diela gaineratu du. «Lehenengo eta behin, ondo pasatu Gironan, eta, irabazten baduzue askoz hobeto; irabazi ala ez, gu ospatzeko prest egongo gara», esan die Gorroñok taldeko jokalariei. Gerardo Candina Gernika KESBeko presidenteak, bestalde, Gernika-Lumoko Udala eskertu du, taldea bertan hartzeagatik. Era berean, Gernika-Lumo ordezkatzea beraientzat ohore bat dela baieztatu du, eta taldea «ilusioz eta gogotsu» dagoela aipatu.