Kirol Patronatuko kuota igoera salatu du EH Bilduk
Gernika-Lumoko Udal gobernuak beste behin ere herriko kiroldegiko kuotak igo dituela salatu du EH Bilduk, eta, era berean, igoera horrek ez diola kirol arloan dauden arazoak konpontzeko plan bati erantzuten kritikatu du.«Gabeziak handiak dira, eta, ho...
«Gabeziak handiak dira, eta, horregatik, konponbide integral bat behar dute, ez herritarren kuotekin jartzen diren adabakiak», kritikatu du koalizio abertzaleak. Egoera ekonomikoa «zaila» dela jakin arren, «plangintza falta batek» dakartzan arazoak ez dituztela herritarrek ordaindu behar deritzo. Azken bi urteetan kuotek %6,5eko igoera eduki dutela jakitera eman dute; «%2,5 2016 urtean, eta %4 2017an».
«Leku falta»
Halaber, kiroldegiko erabiltzaileen kopuruak azken hamar urteetan gora egin duela ia 1.400 bazkide gehiago dago egun, eta instalazioek «gainezka» egin dutela adierazi dute: «Kirol patronatuak 5.500 bazkide inguru ditu, eta ez dago guztientzako lekurik».
Santanapen, esate baterako, igerilekua «gainezka» dagoela kritikatu du, eta egindako kale estutzeak ez duela arazoa konpondu gaineratu du.
Gimnasioan bertan ere, iaz jarritako makineria berriak ez duela arazoa konpondu uste du oposizioko taldeak; izan ere, «eguneko ordu askotan beteta egoten da».
Gainera, Santanapeko frontoi eta kantxetan itoginak daudela esan dute koaliziokideek, «horrek kirolarientzako dakartzan arriskuekin».
Urbietaren egoeragatik ere kezka agertu du EH Bilduk; bere ustean, hego zelaiaren egoera «tamalgarria» baita. Izan ere, euria egiten duenean putzuak sortzen direla azaldu dute. Eta bertan futbol edota errugbi jokalariek entrenatzeko duten «leku falta» ere nabarmendu dute.
Plangintza baten beharra
Aipatutako arazoez gain, beste hainbat ere izango direla suposatzen du koalizio abertzaleak, eta horiei irtenbide hoberena ematekotan, plangintza bat egitea «ezinbestekoa» dela ziurtatu du.
Hau da, instituzio, kirol talde eta erabiltzaileen artean egoera analisi bat egin, kirol arloko beharrizanak eta lehentasunak zeintzuk diren identifikatu eta dauden arazo guztiei irtenbide bat bilatzeko, ertaineko plan bat egitea proposatu dute; hartara, «etorkizun hurbil batean, Gernika-Lumoko herritarrek merezi dituzten kirol instalazioak izan ditzaten»