Zintek hartuko dute antzarraren lekua aurtengo aratusteetan
Zaldi zinta jokoa antolatuko dute Antzar jokoaren ordez. Lehengo zinta jokoak eta zaldiak bat egingo dute joko berrian. Otsailaren 17ra arte eman daiteke izenaAzken urteetan Antzar jokoak eragin duen eztabaida luzeari irtenbide bat emateko, Zaldi zinta...
Zaldi zinta jokoa antolatuko dute Antzar jokoaren ordez. Lehengo zinta jokoak eta zaldiak bat egingo dute joko berrian. Otsailaren 17ra arte eman daiteke izena
Azken urteetan Antzar jokoak eragin duen eztabaida luzeari irtenbide bat emateko, Zaldi zinta jokoa antolatzea erabaki dute aurten, Markina-Xemeinen. Aspaldiko zinten jokoa eredu hartuta eta zaldiak daukan protagonismoa mantenduz, ikuskizun berri bat sortu dute, antzarraren ordez zintak erabiliz.Antzar jokoan benetako antzarrak, hau da animaliak erabiltzearen aurkako protestak gehituz joan dira azken urteetan, eta iaz, animaliak ez erabiltzea adostu zuen jai batzordeak. Horren ordez zer erabili, baina, ez ziren bat etorri parte hartzaile, antolatzaile, ekologi talde eta udal ordezkariak, plastikozko antzarra ere ez zuten-eta batzuek egoki ikusten. Hori dela eta, bertan behera geratu zen Antzar jokoa, eta hausnarketarako tartea zabaldu zen.
Aurten, berriz, XVII. mendetik datorren usadioa berreskuratuko dute, eraldatuta. Aspaldiko zinta jokoa indarberrituko dute alde batetik, eta Markina-Xemeinek baserri munduagaz duen loturari garrantzia emanez, zaldiaren protagonismoa ere mantendu nahi izan dute. Aurtengoa ez da Antzar jokoek izan duten aldaketa bakarra. Lehen antzarrak bizirik jartzen ziren, esate baterako, eta gero, hil eta gero eskegiten ziren jokorako. Motor gainean ere ospatu zen jaia, eta leku aldaketak ere eduki ditu.
Izen-ematea, zabalik
Ikuskizunagaz gain, jolas parte hartzaile bat izatea ere bada asmoa. Beraz, zaldi eta zaldizkoaren jokoa amaitutakoan, zintak beherago jarri eta jolaserako tartea ere zabalduko dutela jakitera eman dute.
Antzar jokoaren ordez, otsailaren 26an 12:00etatik 12:45era egingo den Zaldi zinta jokoan parte hartu nahi dutenek otsailaren 17a orduko eman behar dute izena udaletxeko harreran, telefonoz 94-616 74 75 zenbakira deituta edo udala@markina-xemein.eus posta elektronikora idatzita. Parte hartu ahal izateko 18 urte baino gehiago eduki behar dira, eta zaldia norberak jarri behar du.