Mario Lopez: «Erregina Kopara unerik onenean helduko da taldea»
Gernika-Lumoko taldea Emakumezkoen Ligara igo zenetik lehenengoz jokatuko dute Kopa. Barikuko partida irabaztea dute lehen asmoa, Al-Qazeresen aurkaSailkapen orokorrean hirugarren, Erregina Koparako sailkatu dira Lointek Gernika Bizkaiako neskak. Asteb...
Gernika-Lumoko taldea Emakumezkoen Ligara igo zenetik lehenengoz jokatuko dute Kopa. Barikuko partida irabaztea dute lehen asmoa, Al-Qazeresen aurka
Sailkapen orokorrean hirugarren, Erregina Koparako sailkatu dira Lointek Gernika Bizkaiako neskak. Asteburuan lehiatuko da Kopa (otsailaren 10etik 12ra), Gironako (Katalunia) Fontajau pabilioian.Erronka nagusiena barikuan izango dute gernikarrek, lehen finalaurdena C.B. Al-Qazeres Extremaduraren aurka baitute. Ligan seigarren dira, baina gernikarren aurka jokatutako bi partidak irabazi ditu Extremadurako taldeak.
Hala ere, azken lau partidak irabazita, Gernikako taldea Erregina Kopa lehiatzera «momenturik onenean» helduko dela uste du Mario Lopez entrenatzaileak: «Autoestimua altu daukagu, baina bi aldiz irabazi digun taldearen aurka jokatuko dugu lehenengo finalaurdena. Errespetu handia ematen digun partidua da, baina oraingoan garaipena lortzeko konfiantza badaukagu».
Taldearen kapitain Naiara Diezek esan duenez, zapatuan CREF ¡Hola! taldearen aurkako partida garrantzitsua izan da Kopara begira. «Ez da berdin Erregina Kopara garaipen bat lortu ostean (72-46) heltzea edo huts eginda. Lan ona egin genuen zapatuan, eta aldarte positiboagaz goaz».
Izaskun Garcia jokalari gernikarrak dioenez, Erregina Koparako sailkatuta, taldeak lehenagotik zeukan «arantza» kenduko du. «Iaz Kopa jokatzeko aukera hurbil izan genuen, baina, azkenean, Donostiako taldea sailkatu zen. Aurten denboraldi ona egiten ari gara, eta sentsazio onekin helduko gara barikuko partidura. Ondo prestatuta joan nahi dugu».
Diezek ere ilusioa aipatu du asteburuari begira. «Asko hazi gara talde bezala, eta, nire ustez, momenturik onenetakoan gaude Kopa jokatzeko. Talde garrantzitsua gara ligan, gure defentsa ikaragarri ona da, eta gauza horiek erakutsi behar ditugu asteburuan», aipatu du.
Gozatzeko esperientzia
Perfumerias Avenida Salamanca, Spar Citylift Girona, Lointek Gernika Bizkaia, Lacturale Araski, Al-Qazeres Extremadura eta Star Center-Uni Ferrol. Horiek dira Erregina Koparako sailkatu diren taldeak. Lehiatzeko gogotsu daudela dio Mario Lopez entrenatzaileak: «Barikuan partida ona jokatzea da asmoa, emozioak ondo kudeatzeko gai izan, eta garaipena lortu nahi dugu».
Esperientzia hori, baina, klubak eta herri osoak gozatzeko modukoa izatea gura du taldearen buruak. «Hazten jarraitzeko beste pauso bat da Erregina Kopa lehiatzea, eta esperientzia hau denek gozatzeko modukoa da; bai jokalariek, teknikoek, zuzendaritza taldekoek, eta, zelan ez, zaleek ere».
Gernikarrek hirugarren denboraldia dute Emakumezkoen Ligan, eta hurrengo asteburuko aukera gernikarrentzako «historikoa» dela dio taldearen kapitainak. «Orain lau urte bigarren mailan geunden, eta begira orain non gauden. Nire ustez, momentu honetan talderik onena dugu Erregina Kopa jokatzeko eta joko ona erakusteko».
Garciak Kopa eta Liga irabaztea du helburu: «Gauzak ondo eginez gero, aurten dena ikusten dut posible».