Koplarik kopla, eskean
Kandelak eta makilak eskuan kantuan ibili dira egunotan Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdean. Sanblasak ere ospatu dituzte tartean, eta, beraz, San Blas opil eta tostadak ere izan dira protagonistak asteburuan.Goizean goizetik, koplak kantari ibili z...
Kandelak eta makilak eskuan kantuan ibili dira egunotan Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdean. Sanblasak ere ospatu dituzte tartean, eta, beraz, San Blas opil eta tostadak ere izan dira protagonistak asteburuan.
Goizean goizetik, koplak kantari ibili ziren Santa Ageda bezperan, ume, gazte eta nagusiak Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko kale eta auzoetan zehar. Egurrezko makilak eskuan, etxe eta baserri guztietara eraman zuten ohitura zaharra.Mutrikuko kaleko santa eske hiritarraren bultzatzaile Jon Azpillaga izan zuten gogoan mutrikuarrek. Lazo beltza makiletan jarrita egin zuten kantuan, bere omenez. Goiko Plazako lehen koplak ere Azpillagarenganako esker on eta oroitzapenez beteak egon ziren, eta biribila ere apurtu zuten koplariek leihora atera ziren Azpillagaren senideei begira kantatzeko. Bere omenez egin dezaketena horixe zela esan zuten: Santa Ageda abestera ateratzea.
Baserriz baserri
Goizetik gauera arte kantuan ibili ziren berriatuarrak. Milloi auzoko baserrietan zehar egin zuten koplatan goizean, eta Goxalde elkartean bazkalduta, Urepel kafetegian batu eta kantuan jarraitu zuten arratsaldean. Juan Eguren bertsolariari omenaldi txikia ere egin zioten, «afari legean kopaua eskaintzen lehena izan zelako eta urte askotan kantuan aritu izanagatik».
Goizetik ibili ziren Ispasterren ere. Egitasmo ugari zituzten aurreikusita laguntzeko, eta, beraz, gogoz egin zuten kantuan, borondate eske. Guztira, 1.493,75 euro bildu zituzten, eta bildutako dirua Gure Esku Dago, Chioseko irlan (Grezia) errefuxiatuei laguntza ematen dien Zaporeak proiekturako eta herriko iturri bi berreskuratzeko materialak ordaintzeko izango da.
Amorotarrak ere auzorik auzo egin zuten kantuan goizean, eta Ondarroako Garraxikak eta Kantaizek herriguneko kale guztiak girotu zituzten. Etxebarrian, Lekeition eta Mendexan, arratsaldean ibili ziren atez ate kantuan egin eta makilak astintzen.
Xemein Gazte Ahots eta Xemein Abesbatzen Santa Ageda bezperako urteroko kantaldiez gainera, elkarte ezberdinek osatutako taldeak zeharkatu zituen, estreinako, Markina-Xemeingo kaleak. Izarbidean elkartearen alde dirua batzeko bat egin zuten Guraso Elkarte, XAT, Bertso Eskola, Gure Esku Dago eta zelan ez, Izarbidean elkarteko kideek. Plazabarripean azken entseguak eginda atera ziren herrian zehar kantuan egitera.
Auzorik auzo egin zuten lehen ibilbidea aulestiarrek, eta plazan amaitu zuten santa eskea, herri giroan abestuz. Batu duten dirua eskolako LH 5 eta 6. mailetako ikas bidaiarako izango da.
Ziortza-Bolibarko beheko aldekoei egokitu zaie aurten, Santa Eskeko kantarien doinuak entzutea. Gosta, Arta, Beiziku, Malana, Zabalei eta Ikestei baserriak bisitatu zituzten kantariek, besteak beste, euriari eta hotzari eztarriekin aurre eginez.
Ohiturari eutsita, bestalde, Gernika-Lumoko umeak kantuan atera ziren joan den eguenean, Kandelario egunean. Kandelak eskuetan, Andra Mari elizatik abiatuta, kalez kale ibili ziren. Busturiko eskolako umeek ere, eskola aurrean abestu zuten joan den eguenean.
Bermeoko Demiku auzoan ere kandelario ospatu zuten. Eguenean bertan, besteren artean, tostada lehiaketa egin zuten, eta domekan umeentzako ekintza ugari egon ziren. Datorren domekan, berriz, Demikuko X. Mendi martxa egingo dute.
Bederatzi parte hartzaile
Busturian, San Blas ospatu dute asteburuan. Jaien baitan, urtero, tostada lehiaketa egiten dute, eta aurten ere ez dute hutsik egin. Etxean prestatu ondoren, zapatu eguerdian Axpeko elizpean egin zuten lehiaketaren sari banaketa ekitaldia.
Bederatzi herritarrek parte hartu zuten lehiaketan, eta horien tostadak probatzeko aukera izan zuten elizpean batu zirenek. Giro ederrean batuta, gozo dastatu zituzten aiezko tostadak, eta beste urte batez, maila altua egon dela nabarmendu zuten.
Yolanda Agirrerenak izan ziren tostadarik gozoenak, bi lagunentzako bazkaria irabazi du Madariaga Dorretxeko Madaixagane jatetxean. Bigarren saridunak San Kristobal auzoko Sarai ileapaindegian gastatzeko 40 euroko diru saria jaso zuen. Hirugarrenaren eta laugarrenaren artean berdinketa egon zen, eta, beraz, hirugarren sailkatuarentzat zen saria bien artean banatu zuten: Goialde tabernan hamaiketako bana irabazi dute.