Matxitxakoko itsasargirako bidea konpontzea eskatu dute
Bermeoko Udalak jakinarazi duenez, Matxitxakoko itsasargira doan bidea konpontzeko eta Artika auzorako bidean oinezkoen segurtasuna bermatzeko eskatu diote Bizkaiko Foru Aldundiari.Matxitxakoko itsasargira doan bidea aldundiaren eskumenekoa dela gogora...
Matxitxakoko itsasargira doan bidea aldundiaren eskumenekoa dela gogorarazi du Bermeoko Udaleko Lurgintza zinegotzi Amaia Elorzak. Azaldu duenez, «bidea oso egoera txarrean dago; ez du inondik inora iriste erraztasuna bermatzen eta jendea ezin da handik eroso ibili. Eroriko asko egoten dira».
Bidea «paisaia zoragarri batean» egoteaz gain, Matxitxakoko itsasargiko zetazeoen eta itsas hegaztien behatokia hor kokatzen dela gogorarazi du Elorzak. Modu horretan, inguruan bizi diren familiez gain, inguru horretatik jende asko ibiltzen dela jakinarazi du. Horregatik guztiagatik, «ahalik-eta arinen konpontzea ezinbestekoa» dela uste du udalak.
Bigarren eskaera bat ere egin diote aldundiari. Artika auzorako bidean, oinezkoen segurtasuna bermatzeko neurriak har ditzatela eskatu diote, hain zuzen ere. Herritar askok aipatu bidea erabiltzen dute oinez egiteko, baina gaur egun dagoen moduan «arriskutsua» dela azaldu du Elorzak: «Ibilgailuak ibiltzen dira bi noranzkoetan, bidea oso estua da eta argiteria ere eskasa da». Gauzak horrela, neurriak hartzeko eskaera egin diote aldundiari.
Jakinarazi dutenez, ez da eskaera horiek egiten dituzten lehenengo aldia; «orain arte, hala ere, ez dugu erantzun egokirik jaso». Bide foralak izanik, eskaera horiek egiten jarraituko dutela esan du Elorzak, «herritarren segurtasuna bermatzeko beharrezkoak direlako».