170 lagun batuko dira domekan, Mutrikuko III. Errugbi topaketan
San Migel futbol zelaia errugbizalez beteko da, 10:00etatik 13:00etara. Euskal Herri osotik datozen sei taldek parte hartuko dute kirol jardueranMutriku Rugby Taldeak antolatuta, Mutrikuko III. Errugbi topaketak egingo dira San Migel futbol zelaian, do...
San Migel futbol zelaia errugbizalez beteko da, 10:00etatik 13:00etara. Euskal Herri osotik datozen sei taldek parte hartuko dute kirol jardueran
Mutriku Rugby Taldeak antolatuta, Mutrikuko III. Errugbi topaketak egingo dira San Migel futbol zelaian, domekan, 10:00etatik 13:00etara. Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako 170 bat jokalari batuko dira topaketan.Bi taldetan banatuta, Mutrikuko 12 urtez azpiko 22 gaztetxok parte hartuko dute topaketan, eta eurekin batera, Eibar, Donostiako Bera Bera eta Atletico San Sebastian, Hernani eta Gasteizko Gaztedi taldeetako kideak batuko dira berdegunean.
Ohi modura, futbol zelaia lau zatitan banatuko dute. Bitan 12 urtez azpikoek jokatuko dute, eta beste bietan, berriz, 10 urtez azpikoek. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, gainera, partida motzak jokatuko dituzte taldeek. «Bakoitzak launa partida jokatuko ditu. Gazteenek 10 minutuko partidak jokatuko dituzte, eta nagusienek, berriz, 12 minutukoak».
Iragarri dutenez, «ekitaldi ikusgarria» izango da, eta harmailak betetzera gonbidatu dituzte herritarrak. Erakustaldia amaitzean, berriz, hirugarren denbora deritzona egingo dute, futbol zelaiko terrazan.