Kandela zein makilekin, kantuan
Egunotan, ez da aspertzeko aukerarik izango Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdean; izan ere, Kandelario, Santa Ageda zein San Blas jaietan murgilduko dira herritarrakJai ugariz beteta datoz, beste urte batez, otsailaren lehen egunak. Kandelario lehene...
Egunotan, ez da aspertzeko aukerarik izango Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdean; izan ere, Kandelario, Santa Ageda zein San Blas jaietan murgilduko dira herritarrak
Jai ugariz beteta datoz, beste urte batez, otsailaren lehen egunak. Kandelario lehenengo, San Blas segidan eta Santa Ageda azkenik. Hala ospatuko dituzte Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko herritarrek egunotako festak. Bateko zein besteko jarduerekin, aspertzeko aukerarik ere ez dute izango bertoko herrietakoek.Kandela eskuetan dutela hasiko dira kantuan bihar ume, gazte zein helduak, eta kandela horiei lekukoa igarota, makila eutsiko dute zapatuan kalera abestera ateratzen direnek. Hain zuzen, Bermeoko Demiku auzoan, Busturian eta Gernika-Lumon ospatuko dute Kandelario eguna; Santa Agedako deialdia, berriz, hainbat txokotara ailegatuko da.
Ohikoa den legez, Santa Ageda bezpera baliatuko dute kaleak kantuz apaintzeko; dena den, izango da aurreko egunean zein Santa Ageda egunean bertan kantatuko duenik ere.
Elkarte, talde zein norbanakoek ibiliko dira santa eskean, eta ikasle zein gurasoek ere ez diote hutsik egingo egutegian ondo finkatutako jai horri. Santa Ageda bezpera aurten zapatuan ospatuko bada ere, beraien abestiak eskaintzera aterako dira Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko ikastola eta ikastetxeetakoak; batzuk barikuan, eta beste batzuk zapatuan.
Kandelario eta Santa Ageda artean, baina, badira bestelako jaiak: sanblasak, hain zuzen ere. Egitarau zabala prestatu dute aurten ere, eta hainbat jardueraz gozatu ahalko dute Aulestira, Bedaronara (Ea) zein Busturira bertaratzen direnek.