Dispertsioa zer den eta horrek gernikarrengan nola eragiten duen azaltzeaz arduratuko da Sare Gernika-Lumo, otsailaren 10ean. Horretarako,
Aterabidetik dokumentala izango du baliabide;
Erradiografiak liburuxkaren asmo berari erantzutera datorren ikus-entzunezkoa. Horren bitartez ikustaraziko dio publikoari “dispertsioaren errealitatea”. Hain zuzen, Gernika-Lumoren aktibazio soziala da Sarek bilatzen duena; hartara, “gehiengo soziala dispertsioa amaitzearen alde dagoela plazaratzeko”.
‘Erradiografiak’ liburuxka kaleratu zuen iaz Sarek, dispertsioak Gernika-Lumon eragiten duen errealitatea islatzeko
Otsaileko egun horretan, hain justu, egingo dute aipatu ikus-entzunezkoaren
estreinaldia: 20:30ean, Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian. Oihana Cabellok eta Gurutzne Basterretxeak aurkeztutako
ekitaldi labur batek hasiko du estreinaldia, eta,
tartean, ikuskizun artistiko bigaz gozatzeko aukera ere edukiko du Lizeo Antzokira bertaratzen denak. Ostean proiektatuko dute, berriz,
28 minutuko iraupena izango duen dokumentala. Sarek jakitera eman duenez,
3 euroko salneurria edukiko du Zine Club Gernikarekin elkarlanean egingo duten estreinaldi horrek. Sarrerak egunean bertan leihatilan erosi ahalko dira.
Bihar zabalduko du Sarek ikus-entzunezkoari lotutako promoziozko bideoa, eta estreinaldia igarota, bestalde, ikus-entzunezkoagaz gozatzeko aukera emango du;
dokumentala bera deskargatzeko aukera egongo baita otsailaren 11tik aurrera www.saregernika.eus atarian.
Sakabanaketaren aurka eta preso eta iheslarien eskubideen aldeko manifestazioa egin zuten ekainean, ‘Ekarriz banaz’ lelopean.
Sakabanaketaren Sarearen esentziari jarraiki, ekarpen ezberdinez osatutako dokumentala da.
Era batean edo bestean, Gernika eta inguruko 30 pertsonen begirada eta ekarpenak biltzen dituen puzllea da. Besteak beste, Josu Goikoetxea gidoilariak, Mikel Beaskoa, Zigor Etxebarria, Xabi Crespo eta Amaia Badiola errealizatzaileek, Paul Arzanegi trantsizio eta kredituen lanaren egileak, Gaizka Insunza musikariak, Asier Musatadi eta Hibai Muniozguren grafistek, Javier Etayo marrazkilariak eta parte hartzaileek osatzen dute ikus-entzunezkoa.
Ikus-entzunezkoaren atalak
Sarek aurreratu duenez,
hiru atal izango ditu ikus-entzunezkoak: Bezpera; Umeak eta dispertsioa; Bisita.
Lehenengo atalean (Bezpera),
Oka errekaren hegaletik pasieran dabilen preso baten senide baten (Pantxoa Gandarias)
pentsamenduak gailentzen dira. Espetxeari lotutako ardura eta buruhausteek gogoetarako bidea ematen diote. Hala, ibiltzen doan bitartean, elkartasuna adierazten dion emakume batekin (Crecesen Nogales) egiten du topo.
Bigarren atalak (Umeak eta dispertsioa), berriz, 32 urtetan pediatra izandako
Txabi Txakartegi medikuaren ikuspegia biltzen du: batez ere, umeei lotutako datu, informazio eta erralismoa eskainiz.
Hirugarren eta azken atalean (Bisita),
Valladolid-eko (Gaztela eta Leon, Espainia)
espetxera egindako bidaia erakutsiko dute. Busturialdean ezaguna den Jose Antonio Bastegietak (
Marko) Alfon Sebastian presoaren bikotekide Izaro Lopez eta horien alaba Aiora Sebastianekin egiten du bidaia, eta bere esperientziaren bitartez, dispertsioa zer den erakutsiko du.
Azken trantsizioan, halaber,
Jabier Abaunza presoaren ama Trinidad Martinezen irudiak ikusi ahalko dira; “haren begirada, gorputza, zimurrak, barkamen eza”.
SINOPSIA:
Gehikuntzen ikus-entzunezko proiektu korala. Sarea film laburra egina. 25 gernikar baino gehiagoren artean sortua. Gernikako eta Gernikarren dispertsioaren erradiografia irudi eta soinuetan islatua. Ikus-entzunezkoetan lanean murgilduta dauden hainbat gernikarren artean garatua. Norberak bere begirada eskaini dio, bere ekarpena. Berea egin du partaide bakoitzak eta emaitza 28 bat minututako film labur hau da. Dispertsioak urte luzez gernikar ugariren bizitzak baldintzatu ditu, gaurdaino. Amaitu beharrekoa da, ordea. Giza legezkoa delako. Konponbiderako lagungarria delako. Film labur honek errelitate hori ikusaraztea du xede, ez besterik.