Herriko Lagunak taldeko txistulari ohien bila dabil Bermeoko musika eskola
100 urte beteko dira martxoan Jose Antonio Egia musikaria jaio zela. Bermeoko Udal musika eskolak musikariaren jaiotzaren mendeurrena ospatu gura du. Hala, martxoan kontzertu berezi bat egin gura dutela iragarri dute eta Egia irakasle izan zuten Herriko Lagunak taldeko txistulari ohien bila dabiltza.
Probasaioak otsailean egingo dituztela azaldu dute, eta Kankinkabara Txistu taldearekin batera, Elizondo eta Egiaren Erroxape kalejirak joko dituzte.
Herriko Lagunak taldeko txistulari ohiak martxoko kontzertuan parte hartzera animatzen dituzte, “Egia musikaria gogoratzeko eta omentzeko aukera polita izango dutelako, eta, aldi berean, musikarekin gozatu ahal izango dutelako”, azaldu dute Bermeoko musika eskolako arduradunek.
Interesa dutenek Bermeoko musika eskolara deituta (94-617 91 56) edota musikaeskola@bermeo.eus helbidera mezua bidalita lor dezakete informazio gehiago.