Bonbardaketan izan zuen erantzukizuna onartzeko eskatu dio EAJ-k Espainiari
Espainiako Senatuko Euzko Abertzaleak taldeak mozioa aurkeztu du goi ganberan, 1937ko apirilaren 26an Gernika bonbardatu zutenean Espainiak izan zuen erantzukizuna onartu dezala eskatuz. Espainiako Gobernuari zuzendu dio mozioak bildutako eskaria. Senatuan EAJren bozeramalea den Jokin Bildarratzek, gainera, exekutiboak Gernikako herritarrei barkamena eskatu diezaien ere eskatu du, errurik eduki gabe eragindako sufrimenduagatik.
Gernika bonbardatu zutela 80 urte beteko dira aurten. Beraz, Bildarratzen ustetan, aukera aproposa da “Estatu espainiarrak ere dagokion erantzukizun historikoaren zatia onar dezan”. Senatari jeltzaleak gogoratu du Alemaniak onartu zuela bere erantzukizuna, eta Condor Legioaren parte hartzea bonbardaketan. Roman Herzog presidente ohiak onartu zuen beraien erantzukizuna 1997. urtean. Gerora, Alemaniako parlamentuak adierazpen bat onartu zuen aho batez.
Bildarratzen esanetan, “Estatu batek beharrezkoa du bere izenean, edo bera ordezkatuz egindakoagatik” izan ditzakeen erantzukizunak aztertzea. Hala, Bildarratzek dio une ezin hobea dela, “denborak ematen duen distantzia eta objetibotasun historikotik, biktimei eta Gernikako herritarrei ofizialki parkamena eskatzeko, oraindik bete gabe dagoen hutsunea betez”.
EAJk kritikatu du, gainera, Espainiak ez duela inoiz memoria ariketarik egin bonbardaketaren inguruan. Espainiak behin eta berriro jarritako aitzakiak arbuiatu eta esan du Gernikan gauzatutako erasoen antzeko ekintzez baliatuta izan zela Franco Espainiako estatuko agintari nagusia 40 urtez.