Bihartik aurrera geltoki berria izango du Bermibus zerbitzuak
Herritarren beharrizanei erantzuna eman asmoz, bihartik aurrera Bermibus zerbitzuak geltoki berria edukiko du. Zubiaur Tar Kepa kaleko 50. zenbaki parean egingo du geldialdia, hain zuzen ere.
“Inguru horretako pertsona nagusiek Bermibus zerbitzua eskura izateko” hartu dute geltoki berria jartzeko erabakia. Bermeoko Udaleko zerbitzuetako zinegotzi Benito Ibarrolazak jakinarazi duenez, “herritarren eskariak egon dira”.
Era berean, kalitatea hobetzeko helburuz, Bermibus zerbitzuak hobekuntzak eskainiko dituela azaldu du Ibarrolazak. Alde batetik, wifi zerbitzua eskaintzen hasiko dira; eta, bestetik, autobusaren garbiketa sakona egiteko, ozono bidezko garbiketa egingo dute astean behin, “bakteria, birusak eta bestelakoak kentzeko, bai eta usain txarrak ere”. Horrez gain, segurtasuna bermatzeko, gurpilen presioa monotorizatzeko balbula adierazleak jarri dituzte, “arazorik balego, istripuak saihesteko”, esan du zerbitzuetako zinegotziak.
Horiek guztiek, zerbitzu “hobeagoa” eskaintzea ahalbidetuko dutela diote, eta, hori “garrantzitsua” dela nabarmendu dute, herritar askok erabiltzen duten zerbitzua delako.