Beraien artean batu eta aisialdiaz gozatzeko helburuarekin, San Pedro Arrantzaleen kofradiako udal lokalen parte bat utziko dio Mundakako Udalak Gaur dala bihar herriko jubilatuen elkarteari.
Kofradiako antzinako lokalean egongo da jubilatuen egoitza
Aitor Egurrola Mundakako alkateak jubilatuak animatu ditu gune berria erabiltzera, “lagunekin zein familiarekin batzeko eta ondo pasatzeko aukera izango dute horretan”.
Hitzarmenari esker, hemendik aurrera, Kasinoaren eraikineko lokalaren parte bat Mundakako jubilatuen etxea izango da; Ander Deuna 1 zenbakian dago, hain zuzen ere.
Kartetan egin edota euren aisialdian hitzaldiak, tailerrak, batzarrak edo bestelako ekintzetaz gozatzeko aukera edukiko dutela azaldu dute udaletik. Horrez gain, Aste Santuan, udan eta asteburuetan jatekoa eta edariak eskaintzeko baimena izango dute.
Udalak ordainduko du kofradiako antzinako lokalaren Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), komunidadeko ohiz kanpoko gastuak eta kontinentearen asegurua. Urte baterako hitzarmena sinatu dute, hala ere, luza daitekeela azaldu dute.