Busturialdeko beste hainbat herriri gehitu zaizkie Bermeo, Gautegiz Arteaga, Kortezubi eta Murueta apirilaren 2an herri galdeketa egiteko.
Domeka goizean egin zuten aurkezpena Kortezubiko herriko plazan, eta 120 herritar inguru bildu ziren bertan, Gure Esku Dago herri plataformaren deialdiagaz bat eginez. Herri galdeketa egitea nahi duten galdetu zieten eta kortezubitarrek baiezkoa eman zuten aho batez. Ekimenaren sustatzaileek azaldu dutenez, jai giroan egin zuten domekako ekitaldia. Talde argazkia atera ostean, jan-edana eduki zuten, trikitilarien laguntzarekin.
Dagoeneko erabakitzeko eskubidearen aldeko galdeketa egiteko behar besteko babesa badu Kortezubik; domekan bertan bakarrik, 80 herritarren sinadurak bildu baitzituzten ekimenaren bultzatzaileek.
Muruetarrak Gure ESku Dagoren aurkezpen ekitaldian
Muruetan ere egin zuen ekitaldia egun horretan GED-k, eta herriko plazan 55 bat lagun elkartzea lortu zuen. Domekan bertan hasi zuten sinadura bilketa herri galdeketari begira herritarren babesa jasotekotan. Gutxieneko babesa lortu duten arren, «galdeketa ahalik eta emaitza hoberenagaz burutzeko lanean jarrituko» dutela azaldu du Muruetako GED-k.
Gernika-Lumon, bestalde, sinadurak batzen aritu ziren domeka goizean Pasealekuan, Etxera Trail lasteketara hurbildu ziren parte hartzaileen artean. Eta Gautegiz Arteagan ere lan berean jardun zuten domekan eta joan den eguenean ere. Azken herri horretan ere, dagoeneko badituzte galdeketa egin ahal izateko beharrezkoak diren sinadurak; hala ere, aurrerantzean, egun gehiagotan jasoko dituztela sinadurak aurreratu dute Gautegiz Arteagako GED-k.
Ibarrangelun ere zapatuan bildu ziren udaletxe aurrean herritarrak, Gure Esku Dago ekimenak deituta; guztira, 70 bat lagun. Batzorde plurala eratu dute, elkarrekin bidea egiteko. 2017. urtean Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen alde egingo diren ekimen eta galdeketa ezberdinei babesa eman, eta herrian ere bidea egiteko sortu dute batzordea. Hala, Ibarrangelun egingo dituzten ekimenetan ere parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. Diotenez, Ibarrangelun, aurrera begira jasotzen duten parte hartze eta babes horrek adieraziko du erabakitzeko egunerako bidea egiterik eta indar nahikorik duten.
Bermeon, aldiz, galdeketa egitea posible izango dutela jakinarazi du Gure Esku Dago ekimenak. Izan ere, galdeketarako beharrezkoak zituzten sinadurak bildu dituzte dagoeneko.
Natxituan (Ea), bestalde, Gure Esku Dagoren kantaren entsegua egingo dute Santa Ageda egunean, otsailaren 5ean, eguerdian, plazan.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.