Aritz Aranbururen taldea nagusitu da Mundakan
Zapatuan jokatu zuten Red Bull Rivals Txapelketaren joaneko saioa, eta Espainiako taldea Portugalgoa baino hobetu moldatu zen Europako ezker olatu ezagunenean.
Alde nabarmena egon zen bi taldeen artean, eta Espainiako taldea nagusitasunez gailendu zen. Izan ere, Aranbururen taldeak hamasei puntu lortu zituen, eta Tiago Pires suflari portugaldarraren taldeak bi puntu baino ez zituen eskuratu.
Bi taldeetako partaideak bakarka uretaratu ziren lehenengo, eta ondoren taldeka (bosna olatu surflari bakoitzeko). 25 minutuko kanporaketa txandak jokatu zituzten. Bakarkako lehia 7-2ko emaitzagaz amaitu zuten, eta taldekako lehian jokoan zeuden bederatzi puntuak Aranbururen taldeak bereganatu zituen.
Surferako baldintza egokiak izan zituzten surflariek, eta erakustaldia emateko ondo aprobetxatu zituzten, Mundakan bildutako jendetzaren gozamenerako.
Txapelketan Illan Urkia mundakarra, Gony Zubizarreta, Luis Diaz, Ariane Ochoa eta Eneko Merino daude Aranbururen taldean, eta Piaresen taldea surflari hauek osatzen dute: Tomas Hernandez, Vasco Ribeiro, Henrique Pyrrait, Mariana Rocha eta Mica Lourenco.
Hurrengo hitzordua
Mundakako probaren ostean, bi taldeek Portugalgo Ribeira d’Ilhas-en jokatuko dute Red Bull Rivals Txapelketaren bueltako saioa.