778 korrikalarik parte hartu dute Bermeoko XIII. herri lasterketan
Udalaren Kirol Patronatuak eta Taraska Gazte-Zahar Taldeak antolatzen duten Herri Lasterketaren parte hartzea “handia” izan da aurten ere; umeak, gazteak eta nagusiak kontuan izanik, 778 korrikalari ibili ziren atzo, herriko kaleak zeharkatzen. Antolatzaileek balorazio “positiboa” egin dute.
Antolatzaileek, nesken eta mutilen parte hartzea orekatzea dute erronka nagusi. Aurten, emakumeen parte hartzea “garrantzitsua” izan dela azaldu dute. Lasterketa nagusian 232 korrikalarik parte hartu dute, horietatik 87 neskak izan dira; iaz baino %20 gehiago. Gainontzeko 546 parte hartzaileak umeak eta gazteak izan direla aipatu dute.
Parte hartzaile gehienak bermeotarrak izan badira ere, inguruko herrietatik etorritako korrikalariek ere parte hartu zuten: Mundaka, Busturia, Gernika-Lumo, Bilbo, Lekeitio…
Herri lasterketan batu dituzten 1.010 euroak Nere Izarra Rett Elkarteak jasoko ditu. Dirua rett sindromearen ikerketara bideratuko dutela azaldu dute.