Kirola eta aldarrikapena uztartu nahian antolatu dute Gernika-Lumon Etxera Trail, lehenengoz. Lagun talde batek antolatu ditu mendi martxak eta mendi lasterketa, eta lehenengoaren balorazio ona egin du. 150 lagun inguru batzea zen aurreikuspena, eta kopuru hori hirukoiztu egin dute. Mendi lasterketa (15 kilometrokoa), mendi martxa luzea (15 kilometrokoa) eta martxa laburra (6,5 kilomterokoa) egin dituzte gaur goizean. Hain zuzen, 185 korrikalarik parte hartu dute lasterketan, eta 438 lagun batu dituzte martxa luze eta laburrak.
Dispertsioaren eraginez euskal presoek eta haien senide eta lagunek jasaten dituzten ondorioak salatzeko eta preso eta iheslariak etxeratzea beharrezko ikusten dutelako antolatu dute Etxera Trail. Aldarrikapen horrekin bat egin dute ehunka lagunek, gaurko deialdiagaz bat eginez.
Goizeko 09:30ean atera behar ziren lehen parte hartzaileak, martxa luzekoak. Hala ere, irteera atzeratu behar izan dute antolatzaileek, asko izan direlako gaur goizean izena eman dutenak. Haiei, zein aldez aurretik izena emana zutenei arreta emateko tartea behar izan dutelako atera da beranduago martxa luzea. Dena den, arazorik gabe hasi da mendi martxa luzea, 10:00etan. 10:15ean atera dira martxa laburrekoak, eta 10:30ean mendi lasterketakoak.
Ibilbidea egin ostean, Pasalekuan bildu dira denak, berriro. Ibilbidean zehar bi anoa-postu izan dituzte kirolariek, eta helmugan, Pasealekuan bertan, hirugarrena. Mendi lasterketan Aitor Uriarte gernikarra izan da lehena helmugara heltzen (1.14.36). Ander Gerrikaetxebarriak (1.15.31) eta Imanol Goñik 81.15.32) osatu dute mutilen podiuma. Nesken artean, Laida Elizegi, Irantzu Onaindia eta Leire Monasterio igo dira podiumera.
Jai giroan egin dute lehen Etxera Trail, eta hainbat opari ere zotz egin dituzte. Gainera, Juan calzada kaleko tabernarien laguntza ere eduki dute. Hala, parte hartzaileei kale horretako zenbait tabernatan pintxoa hartzeko bina txartel ere eman dizkiete.
Argazkia: Joseba Mugartegi
Argazki galeria ikusgai:
hemen