Auzo alkateen iritziak ezagutu ditu Bermeoko Udalak
Joan den martitzenean, Bermeoko Udala herriko auzo alkateekin batu zen, eta, hartara, “lehenengo eskutik” ezagutu ahal izan zituzten auzo alkate horien iritziak.
Martitzeneko bilera hori “oso positibotzat” jo dute Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateorde eta Zerbitzuetako zinegotziak eta Amaia Elorza Lurgintza zinegotziak; izan ere, beharrezkoa da horien ustez, “elkarlanean aritzea”.
Guztira, bederatzi dira Bermeoko auzoetako alkateak, eta horietako zazpirekin batzartu dira asteon Ibarrolaza eta Elorza. Guzti horien artean, hainbat gaiz hitz egin zuten; hala nola, Asiako liztorrez, landa eremuan Urdaibaiko Biosfera Erresebaren Erabilera eta Kudeaketa zuzentzeko Planaz eta udal aurrekontuez. Hala, bertaratutako auzo alkateek beraien iritzia emateko, zalantzak argitzeko eta ekarpenak egiteko aukera izan zuten.