Lanak hasi dituzte Kortezubin, udaletxerako sarbidea guztiei bermatzeko asmoz
Kortezubiko plazak itxura berria edukiko du hiru hilabeteren buruan;?izan ere, joan den astean hasi zituen udalak bertako egokitzapen lanak. Herriko alkate Ibon Legarzak azaldu duenez, «udaletxera eta ingurura bertaratu nahi duten guztiei sarbidea bermatzeko» helburuz egingo dituzte lanok.
Gaur egun, eraikinaren lehenengo pisuan dago kokatuta udaletxea, eta bertara igotzeko igogailua badute ere, eraikinera sartzeko «oztopo arkitektonikoak» dituztela gaineratu du herriko alkateak; izan ere, hiru mailako eskailerak daude. Hala, horiek saiheste aldera hasi dira beharrean.
Hain justu, lanok gauzatzeko 37.000 euroko aurrekontuaz baliatu da udala, eta apirilerako bukatzea aurreikusten du.
Legarzak azaldutakoaren arabera, lurzoruaren altuera igoko dute, eta, hartara, lanak amaitutakoan, udaletxeko eraikinaren maila berean egongo da plaza.
Bi guneren bereizketa
Sarbidea bermatzeaz gainera, bi guneren bereizketa ere ekarriko dute lanok: tabernak bere plazatxoa izango du, eta baita udaletxeak berak ere.