Gure Esku Dago-k lanean jarraitzen du herri galdeketei begira. Hala, egunotan, Muxikan, Bermeon eta Kortezubin ekitaldiak egingo dituzte.
Muxikan, esate baterako, herri kontsulta egin ala ez erabakitzen ari dira hilabete honetan, eta gaur dute horretarako hirugarren batzarra; Ariatzako eskoletan jarri dute ordua, 19:00etan. Aurreko batzarretara joan ezin izan duten herritarrei azken batzarrera joateko gonbidapena egin diete GED-ko kideek. Prozesuan zelan parte hartuko duten, bai eta hura garatzeko zein egutegi komeni zaien erabakitzen ari dira batzarretan.
Kortezubin, berriz, domekan hasiko dira lanean. 11:30ean, herriko plazan, aurkezpen txiki bat egingo dutela azaldu dute. Ondoren, argazki jendetsua atera gura dutela diote, eta denek batera erreki sorta bat egiteko asmoa iragarri dute.
Sinadurak batzen
Bermeon, sinadurak batzen jarraitzen dute. Orain arte 1.100 sinadura inguru batu dituztela jakinarazi dute, baina herri galdeketa egin ahal izateko 1.800 behar dira, otsailaren 5erako. Hala, domekan, herri lasterketa dagoela aprobetxatuta, Lameran egongo dira sinadurak batzen, 09:00etatik aurrera.