Ekoetxea Urdaibain egingo dute Biosfera Erreserbaren interpretazio zentroa
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak Busturiko Ekoetxea Urdaibai bisitatu du gaur goizean. Jakinarazi duenez, datozen hilabeteetan Urdaibai Biosfera Erreserbaren Interpretazio Zentroa hartuko du Ekoetxea Urdaibaik. Modu horretan, ingurumen arloko sentsibilizazioa, heziketa eta ikerketa sustatzeko, orain arte egindako lana osatuko duela esan du sailburuak. Arriola sailburuarekin batera, Ingurumeneko sailburuorde Elena Moreno eta Ingurumen Plangintzaren zuzendari Aitor Zulueta egon dira Busturian.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan natura eta bioaniztasuna hedatzeko eta sustatzeko Ingurumen Sailak emango duen urrats berri bat dela esan du Arriolak, “biztanleen artean kontzientzia eta konpromiso handiagoa bultzatu nahian”.
Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Interpretazio Zentroa beheko solairuan kokatuko dute, Urdaibaiko Patronatuko egoitzagaz batera. 275 metro kuadroko azaleran bi gune edukiko ditu. Baliabide naturalen kontserbazioa eta garapen ekonomiko eta iraunkorra uztartzeko eta orekatzeko printzipioan oinarrituta, eskualdea sustatzeko gauzatu den esfortzu handia ezagutarazteko erakusketa iraunkor bat edukiko du zentroak.
Gaurko bisitan azaldu dutenez, proiektuak aplikazio berritzaileak aurreikusten ditu. Horien bitartez, bisitariak erakusketan garatuko den esperientziaren protagonistak bilakatuko direla diote.
Lehiaketa publiko bidez aukeratu dute erakusketa, eta orain dela gutxi esleitu dute. Modu horretan, erreserbaren ingurumen, ekonomia eta gizarte arloetako aberastasuna erakutsiko duen ibilbideko materialak ekoizpen fasean daude.
Zentro berriagaz “bisitariak erakartzea” espero dela esan du Arriolak.