Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak eta Taraska Gazte-Zahar Taldeak antolatuta, Bermeok
XIII. herri lasterketa hartuko du
domekan. Korrikalariek Rett sindromearen alde egingo dute korrika, aurten; izan ere, herri lasterketan
batzen duten dirua Nere Izarra Rett elkartearentzat izango da, eta sindromearen ikerketara bideratuko dute, hain zuzen.
Korrikalariak iazko herri lasterketan. Argazkia: bermeoiruditan
Antolatzaileek azken urteetako erronka berbera dute aurten ere, hau da,
nesken eta mutilen parte hartzea orekatzea. Iaz, lasterketan parte hartu zuten 265 nagusietatik, 71 izan ziren emakumeak. Umeak eta nagusiak kontuan hartuta, hala ere, 779 parte hartzaile egon ziren.
Urtero legez,
adin guztietako herritarrak batu gura dituzte herri lasterketan, eta
lau lasterketa egongo dira adin tarteka banatuta. Parte hartzaile guztiak, hala ere,
Lameratik abiatuko dira.
Iaz, Portuzarrean lanak egiten ari zirelako ibilbidea aldatu zuten, eta aurten olatu homan lanak egiten ari direnez, ibilbide bera mantenduko dute.
Bermeoko XIII. herri lasterketan parte hartu gura duten horiek Bermeoko
Arane kiroldegian eman beharko dute izena;
ume eta gazteek ikastetxeetan egin ahalko dute. Lasterketa egunean ere izena emateko aukera egongo dela azaldu dute, 10:15ak arte.
Umeek euro bat ordaindu beharko dute,
nagusiek, berriz, bi euro.
Lasterketa nagusian parte hartzen dutenek, ura edateko aukera izango dute lasterketan zehar. Amaitzerakoan, berriz, parte hartzaileek opari poltsa bana jasoko dute, eta dutxatzeko aukera ere edukiko dute Araneko kiroldegian edota Artza frontoian.
ORDUAK
10:45. 14 urtetik gorakoentzako lasterketa nagusia. 7,2 kilometroko ibilbidea. 11 eta 14 urte bitartekoek parte haru ahalko dute arduradun bategaz.
12:00. 11 eta 14 urte bitartekoak. 1.200 metroko ibilbidea egingo dute.
12:20. 7 eta 10 urte bitartekoak. 600 metroko ibilbidea egingo dute.
12:50. 3 eta 6 urte bitartekoak. 100 metroko ibilbidea egingo dute.
Iazko herri lasterketako argazkiak.