Gernika-Lumoko udal gobernuak “elkarrizketari atea itxi” izana salatu du EH Bilduk, eta, era berean, gobernuaren eta oposizioaren arteko harreman normalizatuak izateari ezetz esan izana ere kritikatu du.
Koalizioak azaldu duenez,
urtarrilaren 9an gutun bana bidali zien EAJri zein Jose Maria Gorroño alkatearen taldeari, non 2017ko udal aurrekontuen lanketari buruz hitz egiteko bilera bat egitea eskatzen zuten.
Gaur gaurkoz, baina, erantzunik jaso ez dutela kritikatu dute, eta, erantzun eza “errespetu falta” legez hartu dute.
Gutunean, aurrekontuaren proiektua lantzeko eta onartzeko prozedurak “hobetu daitezkeela eta hobetu behar direla” azaltzen zuen EH Bilduk; hala, beraien ustez, hobekuntza horra ailegatzeko beharrezkoak ziren gako nagusiak zeintzuk izan zitezkeen zehazten zuten.
Koalizioaren ustez, batetik, gardentasuna landu beharra dago udal aurrekontuetan, “diru kontuak argi eta modu ulergarrian herriari azalduz”, eta,
bestetik, herritarren eta elkarteen esku hartzea bultzatzea ezinbestekotzat ikusten du. “Dena den, gardentasun eta parte hartze horri ateak zabaltzea baino, udal gobernuak nahiago du bere bulegoetan hasi eta amaitzen den prozeduren bitartez, Gernika-Lumon gastatuko den diruaren inguruan erabakiak hartzea”, azpimarratu du EH Bilduk.
Gutunarekin batera, gainera, beraien ustez landu beharreko gaien zerrenda igorri die EH Bilduk, “baina argi utziz helburua elkarrizketarako eta lasaitasunerako konfiantzazko gune bat sortzea dela”.
Gogoeta bateratua
Aipatu gutunaren bidez,
“lasai” hitz egitea proposatu diote udal gobernuari; “osoko bilkuraren eta kameren tentsioetatik aparte, mahai inguruan”. Aurrekontuen prozeduraren inguruko gogoeta elkarrekin egin nahi du koalizioak, eta, “posible bada, kontsensuzko prozedura bat adostu”.
Izan ere,
elkarrizketa eta partaidetza lehenesten jarraitzen duela dio EH Bilduk; hala, gobernuarekin harreman normalizatuak izateko konpromisoa berretsi du. Halaber, Gernikarekin zerikusia duen edozertaz berba egitekotan eta adostasuna bilatzekotan, “edozein momentutan eta edonora” joateko borondatea ere agertu du.
Udal gobernua, baina, “kontrako norabidean” doala kritikatu du, “herriko esparru ezberdinetatik herritarrak parte hartze gehiago eskatzen ari diren bitartean”. Hala ere,
gobernu taldean ere, “jarrera ezberdinak” ikusi dituztela aipatu dute; “EAJk gurekin esertzeko prestutasuna agertzen duen bitartean, Gorroñoren taldeak ez du ezta infomazioa partekatu nahi gurekin”.
Gauzak horrela,
“aurrekontu parte hartzaileak eraikitzeko lanean jarraitzeko prestutasuna” erakutsi du koalizioak, eta biltzearen proposamenak indarrean jarraitzen duela gaineratu du; EH Bildurentzat “zenbakiek garrantzia duten arren, gehiago dute horien lantzeko moduak”.