«Dispertsioagaz amaitu arte, urtero egitea da gure asmoa»
Dispertsioaren kontrako mendi martxa eta lasterketa egingo dituzte domekan, Gernika-Lumon. Kirol proba hutsa egitea baino, jai giroa sortzea da antolatzaileen helburua.Kirola eta aldarrikapena lotuta, Etxera Trail mendi martxa eta lasterketa prestatu d...
Dispertsioaren kontrako mendi martxa eta lasterketa egingo dituzte domekan, Gernika-Lumon. Kirol proba hutsa egitea baino, jai giroa sortzea da antolatzaileen helburua.
Kirola eta aldarrikapena lotuta, Etxera Trail mendi martxa eta lasterketa prestatu dituzue. Zein da helburua?Joanes Goitisolo. Helburua euskal presoak Euskal Herrira etorri behar direla aldarrikatuz herrian giro alaia sortzea da. Ideia ez da urte batean egin eta bertan bukatzea. Dispertsioaren kontrako aldarrikapen bat da, familiek ez ditzaten horrenbeste kilometro egin haiek ikusteko, horrek ekartzen duen arriskuagaz eta gastuagaz. Eta hori lortu arte urtero egiteko itxaropena daukagu. Zenbat eta jende gehiago egon prest laguntzeko hobeto.
Kirola eta jendartearen aldarrikapena uztartzeko ideia zelan sortu zitzaizuen?
Ugaitz Mandaluniz. Lagun talde bat berbetan geundela bururatu zitzaigun, eta martxa zelan aurrera atera pentsatzeko barikuetan batzen ginen. Apurka-apurka jende gehiago batzen joan da. Azaroan serioago hartzen hasi ginen: udalagaz berba egin, lanak banatu, bakoitza gauza zehatzekin arduratu… Errege egunean egitekoak ginen, baina biharamunean euskararen aldeko Abidxadan martxa zegoenez, beranduago egitea erabaki genuen. Beti ere, neguan egitea da asmoa, eta jendearentzat urte hasierako ohitura bat bihurtzea gura dugu. Jendeak jakin dezan urte hasieran beti egingo dela.
Lehenengoz antolatu duzue. Ze aurreikuspen daukazue?
U.M.: Hasierako aurreikuspena guztira 150 bat pertsona batzea zen, baina, batez ere, eguraldiak laguntzen badu, uste dugu kopuru hori gaindituko dugula. Dagoeneko 100 pertsona inguruk eman dute izena. 275 pertsonentzako prestatuko ditugu opariak. Izena eman duten lehen 275 pertsonek lepoko estalki bat jasoko dute. Lehenengo urtea denez, bakarrik Juan Calzada kaleko ostalariekin batu gara. Ez genekien zelan hasi; horregatik, astiro hasi gara, eta hurrengo urtean ostalari gehiagogaz berba egin behar badugu, egingo dugu.
Esate baterako, dagoeneko izena eman dutenen artean nafarrak daude.
J.G.: Bai, izan ere ez da eskualdeko kontua bakarrik; gure asmoa Euskal Herri osora zabaltzea da. Gure helburua Euskal Herriko puntu desberdinetako ahalik-eta jende gehien batzea da. Esate baterako, lehen egunetan izena eman zutenen artean jende gehiago zegoen hemendik kanpokoa bertokoa baino. Itxaropena daukagu urteak aurrera joan ahala gero eta jende gehiago animatzea.
Ahalik-eta oihartzun handiena lortzeko bideoa ere prestatu duzue.
U.M.: Bai, ahalik eta jende gehienengana heltzeko, batik bat, Facebook eta WhatsApp bidez kartela eta bideoa zabaltzen ari gara. Dena ondo ateratzea espero dugu, eta jendeak ikustea lan bat badagoela honen atzean. Jendea animatzea, eta denek probagaz zein jai giroagaz gozatzea espero dugu, egunaz gozatzea. Dena ondo antolatuta dagoela eta pozik irten direla esateak poztuko gintuzke. Hurrengo urtean ere parte hartzeko gogoz amaitzea gura dugu. Eguraldi onagaz, seguruenik, ume eta guraso gehiago animatuko dira. Hala ere, izena eman barik dauden askok esan digute kalean eguraldi txarra egin arren parte hartuko dutela.
Jai giroa sortzea aipatu duzue, eta horretarako zenbait ostalariren laguntza daukazue.
J.G.: Ez da kirol proba hutsa; jai giroa sortzeko Juan Calzada kaleko ostalariekin batu ginen. Berba egin dugun guztiengandik baiezkoa jaso dugu, eta hori eskertzekoa da .Bestalde, Pasealekua jantziko dugu; ez dugu gura leku hotz bat izatea, eta horregatik, pankartak egin, eta ingurua apainduko dugu.
Pintxoak prestatuko dituzte ostalariek. Nola antolatu duzue hori?
U.M.: Partaideei esku orri bana banatuko zaie, eta bertan izango dute zehaztuta zein tabernatara joan behar duten. Horregaz batera, proba zergatik antolatu den azalduko zaie esku orrian, eta koordinatzailearen telefono zenbakia ere jarriko dugu, zer edo zer gertatuz gero, hari deitzeko. Martxen zein lasterketaren parte hartzaileei tiketak banatuko zaizkie, eta horiekin Arrano, Ospa, Arima eta Aterpe tabernetan pintxo bina doan izango dituzte. Lagun Etxea domeketan itxita dagoenez, jatekoagaz lagunduko digute.
Zozketak ere egongo dira.
J.G.: Parte hartzaile guztien artean hamar bat zozketa egingo ditugu. Asmoa da korrika edo martxan daudenen artean zozkatzea, eta heltzen direnerako saridunak izendatzea. Gauza arintzeko erabaki dugu horrela egitea. Izan ere, parte hartzaileak ordu desberdinetan heldu eta tabernetara joango dira. Bestalde, helmugara heltzean oinetakoak garbitzeko aukera eskainiko dugu Pasealekuan, baita dutxa hartzeko aukera ere Santanapen, 14:00ak arte.